Sormena mokadu batean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 30a, 13:00
Lasarte-Oriako I. Aste Gastronomikoa martxan da. Gaur itxiko ditu ateak. Herriko lau jatetxe eta tabernek Martin Berasateguik aukeratutako osagaitan oinarrituta haien sortze-lanak herritarren eskura jarri dituzte 'Plater gastronomikoa' ekimenean. 'Pintxo pote gastronomikoan' aldiz, beste tabernen lanaz gozatu ahal izan zen atzo.

Hegaluzea, tomatea, antxoa eta piperrean oinarritutako pintxo eta platerak dastatu ahal izan dira astelehenetik ostegunera hiru elkartetan eta atzo hainbat tabernetan. 

Harrera ederra izan du ekimenak. Hainbat izan dira elkarteetara hurbildu ziren herritarrak, baita pintxo potean pintxo bereziak eskatu dituzten pertsonak ere.

Nola prestatu

'Plater gastronomikoa' ekintzarekin hasi zen lehen Aste Gastronomikoa. 

Yolanda tabernako kideek Intza elkarteko sukaldea bere egin zuten astelehenean.Asteartean, Buruntzazpi elkartean Txartel Txokoko kideak lan eta lan izan ziren eta asteazkenean, Santxo tabernako lagunen txanda izan zen Udaberri elkartean. 

Elkarte batzuetan, herritarrek platera nola prestatzen zuten ikusi ahal izan zuten sukaldean bertan eta ostean, hau dastatzeko tartea ere izan zuten.

Santxo eta Yolanda tabernetako kideek azaldu zutenez, pintxo pote gastronomikoan plateraren aldaera izango zuten herritar guztien eskura.

Pintxoak

Aste Gastronomikoa osatzen duen bigarren ekintza atzokoa izan zen: pintxo pote gastronomikoa, herriko hogei bat tabernatan.

Herritarrek ohiko pintxo poteko jakiez gain, aste gastronomiko honetarako bereziki landutako pintxoa jateko aukera izan zuten.

Tabernek haien irudimena erakutsi zuten oinarrizko osagaiekin kolore eta forma ezberdinetako lanak aurkeztuz.

Azken eguna gaur

Baina pintxo eta plater berezi hauek jateko aukera izango da gaur ere. 

Aste gastronomikoari amaiera emango zaio bi ekintza ezberdinekin.

Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Goiegi jatetxeko sukaldariek prestatuko plater gastronomikoa ezagutu eta  gozatu ahalko dute Udaberri elkartean izen eman duten herritarrek.

Honetaz gain, pintxo pote gastronomikoaren bigarren eguna ere dugu.