Zumaburu eskolako obren inguruko argibideak eman ditu Lasarte-Oriako Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 14a, 13:24
Zumaburu eskolako obren inguruko argibideak eman ditu Lasarte-Oriako Udalak idatzi baten bitartez. Honetan, udalaren eginkizunen berri eman nahi izan dio Sasoeta-Zumaburu Guraso Elkarteari

Haurrek, irailean hasiko den ikasturte berria Zumaburuko eskolan hastea nahi dute Sasoeta-Zumaburu Guraso Elkarteko gurasoek. Horretarako, Zumaburuko eskolan hainbat berritze lanetan ari dira, eta udalak horien berri eman nahi izan du igorritako idatzi baten bitartez.

Lehenik eta behin, eskolako estalkia eta fatxada konpontzeko udalak hasitako lanak 'aurki' amaituko direla jakinarazi du, eta horrekin batera, Zumaburuko elizaren patioko estalkiarekin kosturik ez dela gehitu nabarmendu du udalak.

Estrukturan antzemandako akatsek esku-hartze bat behar dutela azaldu dute, baina lan hori, Eusko Jaurlaritzari dagokiola argitu du udalak. 'Gaur egun egitura sendotzeko obrak egiteko proiektua idazten ari da, eta 600.000 euroko da lan horietarako aurreikusitako diru kopurua.

Honekin batera, inongo ikasgelatako sabairik ez dela erori argitu nahi izan du udalak, Erketz dantza taldeak bere jantziak gordetzeko erabiltzen zuen biltegikoa baizik.

Udala prozesu honetan egiten ari den lanaren erakusgarri dira, baita ere, estrukturaren lagina eta jubilatuen elkartearekin areto bat eskolako umeen jantoki gisa erabili ahal izateko egindako kudeaketa. Isla plazako haur- jolasak hesitu dituzte, eta Loidibarrengo pilotalekua erreserbatu dute euria egiten duen egunetan jolastoki gisa erabili ahal izateko. Udalak bidezko ikusten du Biyak Bateko Elkarteak behar honen aurrean erakutsi eta izan duen lankidetza eta egindako ahalegina aitortu eta eskertzea.

Azken puntu gisa, salto-gelaren inguruko argibideak eman nahi izan dizkio udalak, Sasoeta-Zumaburu Guraso Elkarteko guraso taldeari. Horrela, salto-gela edo psikomotrizitatea lantzeko gelaren gaineko eskumena eta erantzukizuna Eusko Jaurlaritzari dagokiola argi utzi nahi izan dute; 'haiek dira arazo horri konponbide eman behar diotenak'.

Behar bezalako koordinazioa

Arazoei irtenbide bat eman asmoz, Sasoeta-Zumaburu Ikastetxeko zuzendaritza eta guraso elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin behar bezala koordinatu direla ere azaldu du udalak; 'informazioa izan ahala, haiekin konpartitu dugu'.