Santa Ana eguneko ospakizunak hasi dira

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 26a, 14:46
Brigitarren komentuko mezarekin hasiera eman zaio Santa Ana egunari. Erketzeko kideek dantza egin dute karkabaren aurrean eta hamaiketako herrikoia egin da tradizioari jarriki.

Santa Ana eguneko ekintzak hamaiketan hasi dira ohi bezala Ama Brigitarren komentuan egin den mezarekin.

Honetan santaren omenezko hitzak izan ditu Xabier Andonegi apaizak eta Erketz EDT-ko kideek agurra dantzatu dute.

Hamabiak jotzearekin batera, Santa Ana karkabak hartu du protagonismoa. Honen aurrean, Erketz EDT-ko dantzariek agurra eskaini dute eta ostean, fandango eta arin-arina ere dantzatu dute. Herritar ugari bildu da ekitaldia ikustera. Ostean, komentuaren kanpoaldean hamaiketakoa prestatu dute Ttakuneko lagunek. Mezan zegoen jendea, zein karkabara hurbildu diren herritarrek jai giroan edari eta janariaz gozatu ahal izan dute.

Baina ez da ahaztu behar ekitaldiak hasi besterik ez direla egin. Arratsaldean, Loidibarrengo frontoian pala txapelketako 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida izango da 17:30ean eta jarraian, final handia jokatuko dute Jon Pello Artetxe-Xabier Etxezarreta eta Jon Begiristain-Xabi Arteaga bikoteek.

Parodia 22:30ean

22:30etatik aurrera, gure herrian urtean zehar izan diren gertakarien errepasoa egingo da Okendo plazan. Parodiak beste behin umorez jorratuko ditu herriko hainbat gai eta jazoera. Honetan 35 bat herritarrek hartuko dute parte eta hilabetean zehar egindako entseguetan landutakoa aurkeztuko dute. Ohi bezala, gidoiaren inguruko informaziorik ez da zabaldu. Ikusi beharko da oholtzatik zein pertsonaia pasatzen diren beraz.

Aurretik, Udaberri elkartetik Okendo plazara kalejiran aterako dira aktore guztiak.

Santa Ana eguneko pintxoa

Bestalde, herritarrei gogoratu behar zaie, gaur Aterpea Merkataritza elkarteko kide diren hainbat tabernatan Santa Ana eguneko pintxo berezia dagoela, bakailaoa pikillo piper saltsa eta piper berdearekin. Pintxoa Arkupe, Izurde, Buenetxea, Abend, Sancho eta Yolanda tabernetan eskainiko da eguerdiko zein gaueko poteo garaian.

Goizeko irudiak.