San Pedro jaiak antolatzeko lehenengo bilera martxoaren 3an

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 26a, 11:58
San Pedro jaiak antolatzeko Jaietan Blai! prozesua jarri du martxan Gazteria eta Festak sailak. Datorren asteartean egingo den bileran parte hartzera animatzen dituzte herritarrak.

“Aurten ere San Pedro jaien antolaketari denboraz ekin beharrean gaude” esan dute Gazteria eta Festak sailetik eta horretarako berriro Jaietan Blai! prozesua martxan jarri du udalak.

“San Pedro jaiak herritarrak dira jada, lasarteoriatar guztionak. Azken 3 urteotan herritarrek jaietan izan duten inplikazioa eta lanerako gogoa izugarria izan da eta urtetik urtera gora egin du. Eta aurtengoan ere ez da gutxiago izango” diote.

Hau dela eta, martxoaren 3an, 19:00etatik aurrera, Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan, proposamenak aztertzen hasteko lehen dinamika antolatu da. “Herritar oro bertan parte hartzera gonbidaturik dago”.

Iazko Jaietan Blai! prozesuen balorazioa oso positiboa izan dela diote Gazteria eta Festak sailetik. “Bereziki aipagarria da testuinguru honetan lehengo urtean herriko eragile eta elkarteek jokatutako papera. 10 elkartetik baino gehiago izan ziren aktiboki festak diseinatzeko prozesuan parte hartzen, emaitza paregabea izan zelarik”.

Horrela izanda, “aurtengoan bereziki herriko elkarte eta eragileekin burutzea erabaki genuen, haien parte hartzea ezinbestekoa baita. Hori dela eta, datorren astearteko dinamikan haien presentzia bermatuko da”.

San Pedro jaiak lasarteoriatar guztion festak izanda ordea, nahi duen orok ere parte hartzeko aukera izango duela azpimarratzen dute.

Hala ere, “azken urteetako esperientziak, herritarrek proposamen konkretuak eginda gehiago parte hartzen dutela erakutsi du”. Hori dela eta, aurtengoan prozesuari buelta bat eman, eta proposamen konkretuetatik abiatzea erabaki dute. Horretarako, herriko etxe guztietara eskuorriak banatu ziren, eta sare sozialen bidez ere proposamenak egiteko aukera zabaldu zen. Guztira, berrogeitik gora proposamen jaso direla diote Udaletik.

Proposamenak lantzeko garaia

Jasotako proposamen guztiak kontutan hartuta, hauek lantzen hasteko unea heldu dela diote Udaletik; "festetan zein musika talde ikusi nahi genukeen, elkarteek zein ekintza antolatuko dituzten, iaz ondo atera zen zein ekintza errepikatu nahi genukeen, zer aldatu beharko genukeen,…" Lanketa guzti hau Lasarte-Oriako elkarte, eragile eta herritarrekin elkarlanean egingo da, martxoaren 3ko topaketan. 

Gazteria eta Festak departamentuak “herritar oro gonbidatu nahi du topaketetan parte hartzera, herritarren iritzi eta ikuspegi global batetatik festa parte hartzaile eta anitz batzuk sortzeko". Hain zuzen, "San Pedro jaiak adin guztietako pertsona orok gozatzen ditu, bakoitzak bere modura. Hori dela eta mundu guztiak esateko eta proposatzeko asko du, bakoitzak bere bizipen, esperientzia eta egunerokotasunetik bileretan parte hartzera animatu nahi ditugu”.