San Inazio jaietako ospakizunak Basaundi auzoan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 30a, 18:00
Bihar izango da Loiolako San Inazio Gipuzkoako patroiaren eguna, uztailaren 31. Basaundi auzoa prest dago jada egun handi horretarako eta gaur ekingo die ospakizunei.

Gaur bertan, bezperan ekingo diete Basaundiko auzotarrek San Inazio eguneko ospakizunei. Plazan tailer desberdinak antolatu dituzte haurrentzat hemendik ordu erdi barru, 18:00etan. 20:00etan berriz, musika-jarduerari ekingo diote plaza horretan bertan.

Hamaika ekintza bihar

Gaurko egunean zehar motorrak berotu ostean, biharko egun handirako prestatuko dira Basaundiko auzotarrak. Goizean goiz hasiko da egitarauko lehen ekitaldia: martxa erregulatua irtengo da 9:00etan Basaundiko plazatik. Handik ordubetera hasiko da galeper-botatzea, Buruntz-azpi elkartearen eskutik. 11:00etan berriz, haurrek primeran pasatzeko aukera edukiko dute Plaza Berri frontoian, antolatzaileek hainbat jolas eta jarduera prestatu baitituzte. Ordu horretan bertan buruhandiak plaza eta inguruko bazterrak nahasten hasiko dira. 11:30ean berriz, Karmengo Kaperan meza nagusia ospatuko dute. 12:30ean amaituko dira bihar goizeko ekitaldiak, bote eta toka txapelketarekin. Ekintza hori ere plazan izango da.

Goizeko jardueren ostean indarrak berreskuratu eta arratsaldekoei ekin aurretik, Oria-Txiki jatetxean bazkari herrikoia egingo dute auzotarrek. Tiketak erosi nahi dituenak Oria-Txikin bertan erosi ahalko ditu bihar.

Gaztetxoek Basaundi plazan edukiko dute hitzordua 17:00etan: gaztelu puzgarriak jarriko dituzte antolatzaileek. Saltoka eta jolasean aritu ostean, meriendatu egingo dute 17:30ean. Kirolak ere izango du tarterik egitarauan: 18:00etan binakako pala txapelketa herrikoia hasiko da Plaza Berri pilotalekuan. Bien bitartean, ezkondutakoek ezkongabeen aurkako futbol norgehiagoka jokatuko dute frontoi alboko futbol-sala kantxan, 18:30ean. 19:00etarako berriz, apar festa antolatu dute tenis pistan. Handik ordu erdira hasiko da Zero Sette akordeoi orkestraren emanaldia Basaundi plazan. 

Gauean berriz, gorputzak astintzeko unea izango da: Ibai Berriak taldearen eskutik gogotik egingo dute dantza herritarrek, Brunet-Enean. 

Ospakizunen antolatzaileek herritarrak gonbidatzen dituzte Basaundira joan, ekintza horietan parte hartu eta San Inazio eguna ospatzera.