San Inazio jaiak Basaundi auzoan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 30a, 21:25
Uztailak 31, Gipuzkoako patroiaren eguna; San Inazio eguna izango dugu bihar. Oriako Basaundi auzoa murgildu da jaietan eta asteburu osoan zehar, ekintza ugari izango dira.

Gaur arratsaldean, San Inazio egunaren bezperan ekin dio Oriako Basaundi auzoak festa asteburuari. Arratsaldeko 17:00etan, mus txapelketarekin eman diote hasiera lehenengo festa egunari. Guztira, hamar bikote elkartu dira mahai jokoan aritzeko. 

Minutu batzuk beranduago,  etxeko txiki eta gaztetxoenek, apar festa eder bat izan dute arratsaldeko giro lainotua zertxobait alaitzeko. Bainu jantziak eta uretako betaurrekoak jantzita, nahikoa gazte  bildu dira teniseko pistan egin den apar festan eta giro bikaina sumatu ahal izan da bertan. Goitik behera blai eginda bukatu dute gazteek.

Kirolaren txanda izan da ondoren. Frontoi ondoko kantxan, ezkondu eta ezkongabeen arteko norgehiagoka izan da ikusgai. 

Gaueko musika emanaldiei hasiera eman aurretik, arratsaldeko 19:00etan, gastronomiarekin lotutako ekintza bat ere izan da auzoan; Tortilla Patata lehiaketa. Parte hartzaileek, aurrez etxean egindako tortillak eraman dituzte eta epaimahai batek baloratu ditu.

Gauean berriz, musika izango da nagusi Basaundin. Iluntzeko 20:00etan, Gotzon DJ arduratuko da gauaren lehenengo zatia girotzeaz. Ondoren, Ibai Berriak musika taldeak kontzertua eskainiko du, 22:00etan Brunetenean eta gauari amaiera emateko, berriz ere DJ-a izango da parranda jarraitu nahi dutenentzat.

San Inazio egunean ere, ekintza ugari

Gaur egun osoan zehar motorrak berotu ostean, bihar egun handia izango da Oriako Basaundi auzoan. 

Goizean goiz, 09:00etan, martxa erregulatua abiatuko  Basaundi enparantzatik. Ordubete beranduago, Buruntz-azpi elkarteak antolatutako galeper botatzea izango da. 11:00etan berriz, haurrak izango dira protagonista nagusiak, izan ere, gaztetxoentzako jolasak eta buruhandiak izango baitira Basaundi plazan. Ordu erdi beranduago, 11:30etan, meza nagusia ospatuko da Karmengo kaperan eta goizeko festa egitarauari, bote eta toka txapelketak emango diote amaiera, 12:30etan, Basaundi enparantzan.

Goizeko ekitaldi hauek guztiak eta gero, indarrak berreskuratzeko, bazkari herrikoia egingo dute Oriako frontoian. Antolatzaileek jakinarazi dute, bazkarira joan ahal izateko tiketak, aldez aurretik erosi behar direla Buruntz-azpi elkartean eta Txoko tabernan.

17:00etan jarraituko du San Inazio jaien egitarauak.Oraingoan ere gaztetxoen txanda izango da lehenik. Ordu horretan, Basaundi plazan, gaztelu puzgarriak izango dituzte eta arratsaldeari indartsu eutsi asmoz, merienda eder bat egingo dute jarraian. 

Amaitzeko, bi eguneko festa egunei agur esateko, gorputzak mugitzeko aukera paregabea izango da herriko talde baten eskutik. Dinbi Banda batukada taldea arituko da iluntzeko 19:30etan auzoa girotzen eta antolatzaileek, zarata egiteko gauzak (zartagiak, marakak...) ekar ditzaten dei egin diete auzotarrei.