Saharan korrika egiteko aholkuak Xirimirin

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 18a, 18:53
Saharako Maratoia korrituko duten zenbait Euskal Herritar astearte arratsaldean elkartu zen Xirimiri Elkartean. Agustin Agote korrikalariak aholkuak eman zizkien, lasterketa arintze bidean. Gogoratu dute izena emateko epea zabalik dela oraindik.

Otsailaren 28an Saharako Maratoia korrituko dute Munduko hainbat gunetik etorritako korrikalariek. Euskal Herritar talde bat ere bertan izango da, eta horietako batzuk Xirimiri Elkartean bildu ziren astearte arratsaldean lasterketari buruzko informazioa jasotzeko asmoz. Agustin Agotek eta Gregorio Eizagirrek euren esperientzia partekatu zuten.

Hasteko, Mendebaldeko Saharako historia eta egoera politikoari buruzko bideoa ikusi zuten bertaratutakoek. Eizagirrek azaldu zuenez, “arazo politikoaren aurrean egiten diren ekintzetako bat” da Maratoia. Izena ematean bilduko den dirua “helburu solidarioarekin” erabiliko da. Zehazki, “kirola eta gazteekin zerikusia duten proiektuak bultzatzeko”.

Aholkularitza 

Ondoren, Agustin Agote korrikalariak lasterketari buruzko aholkuak eta informazioa partekatu zituen.

Iristean, parte hartzaileek  korrituko duten modalitatea aukeratu beharko dute.Maratoiaren 42 kilometroez gain, maratoi erdia –21km–, 10 edota 5 kilometro korri daitezke.

Goizeko 09:00ak edo 09:30ak aldera froga martxan jarriko da, “tenperatura freskoarekin”, 12 gradu ingururekin. Lasterketa osoa zentzu berean izanik, nabarmendu zuten haizeak norabide berdina mantenduko duela.

Ura edan ahal izateko postuak hiru edo lau kilometroro edukiko dituzte. Agoteren ustez, “komenigarria da denetan geratu eta ura edatea”. Adierazi zuen eguerdi aldera tenperaturak gora egin ahala, “hidratazioa eskertu” egiten dela. 

Gozatzea helburu 

Maratoiaren lehenengo zatia hare lodiaren gainean egingo dute, harriak tartean direla. 21. kilometrotik aurrera, Auserd-eko kanpalekura iristean, lasterketa gogortuko dela azpimarratu zuen aholkulariak. Hare finekoa da zorua eta dunetan zehar gorabehera handiak igaro beharko dituzte.

Eremua “gogorra eta, aldi berean, ederra” da, aurreko urtetan korritu dutenen arabera. Antzeko beste lasterketa batzuekin alderatuz, Saharan “bakardadeaz gozatu” daitekeela uste dute. 200 pertsona inguruk hartzen du parte, eta behin erritmoa hartzean, “litekeena da ibilbidearen zati handi bat bakarrik egitea”. 

Oinez ere parte hartu daiteke eta horientzako ere hitzak izan zituen Agotek. Bere ustez, “merezi du” 10 kilometroko ibilbidea egitea. Izan ere, “basamortuko paraje ederretan zehar” ibiltzea “aukera ezinhobea” da, eta azken kilometroek ez dituzte dunak zeharkatzen.

Denbora erreferentziaz galdetuta “ez itsutzeko” aholkua luzatu zuten. Ohiko maratoiak baino 30 edo 40 minutu gehiago irautea izaten da normalena.

Erabili beharreko arropari dagokionez, ez dute “bestelako ekipaziorik” eraman beharko; korrika egiteko ohiko zapatilak  “nahikoak” dira. Hori bai, azaldu zutenez, eguzkitako betaurrekoak, krema eta txapela eramatea “beharrezkoa” dute. Halaber, oinetan baselina ematea “komenigarria” da, hareak urradurarik sor ez dezan.

Ura edateko postuetako ura, printzipioz, “nahikoa” dela uste dute aholkulariek, baina likidoentzako motxila eraman dezakete korrikalariek.

Izen emateko epea, irekita

Saharan korrika egin nahi duen orok ateak irekita ditu oraindik. Izena www.saharamarathon.org webgunean eman ahal da plazak buka bitartean.

Gonbidapena luzatu diete korrika egitea gustoko duten lasarteoriatar guztiei, “merezi duen esperientzia” baita.

Hegazkina Madrildik aterako da otsailaren 25ean, eta martxoaren 4an bueltatuko dira. Euskal Herritik busa antolatu dute aeroportura.

Saharako kanpamenduetan igaroko duten denbora horretan bertako familien etxeetan hartuko dute ostatu. Hortaz, sahararren bizimoduaz eta ohiturez ere aritu ziren tarte batean, bertara lehenengo aldiz doazenek argibideak jaso ditzaten.