Pintxo dastaketa Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 29a, 14:45
Aurreikusitako ekintzekin aurrera jarraitzen dute udako txokoetako haur eta begiraleek. Gaurkoan sukaldean trebeak direla erakutsi dute eta pintxo ezin goxoagoak prestatu dituzte. Euren artean banatu dituzte dastatzeko, eta herritarrengana ere joan dira gaztetxoak eurek egindako jakiak eskaintzera.

Eguraldi txarrari aurpegi ona jarri behar zaiola dio esaldiak. Sabela beteta, are hobeto. Hori egin dute gaur udako txokoetako kideek Okendo plazan. Pintxo lehiaketa antolatu dute; sukaldean oso trebeak direla erakutsi dute, emandako osagaiekin primerako jakiak prestatu baitituzte. Modu horretara, aurrera jarraitzen dute azken aste honetarako aurreikusi dituzten ekintzekin. 

Okendoko arkupeetan bildu dira haur eta begiraleak, eguraldi txarra tarteko. Bertan taldeka banatu, osagaiak hartu eta pintxoak prestatzeari ekin diote. Txaka, langostinoak, york urdaiazpikoa, gazta, piperrak, saltxitxak, patata tortila... Denetarik erabili dute gaztetxoek Martin Berasategik berak egingo lituzkeen jakiak prestatzeko. Behin pintxoak bukatu dituztenean, elkarren artean trukatu dituzte, denek denenak dastatuz. Batek baino gehiagok ez du bazkalduko gaur, pintxo goxoekin bapo geratu baitira. 

Euren artean bakarrik ez, herritarrengana ere hurbildu dira gaztetxoak eurek egindako jakiak eskaintzera. Hainbatek ez dute aukera galdu eta pintxo goxo bat eskuan zutela jarraitu diote euren bideari. Bien bitartean, oholtza gainera igotzeko aukera izan dute haurrek, jan berri zituzten pintxoen inguruan iritzia ematera.

Primeran pasa dute udako txokoetako haur eta begiraleek gaur Okendon, euriari aurre eginez. Bihar emango diote amaiera uztaileko txandari Okendon bertan, 11:00etan; azken festa egingo dute denek elkarrekin.

Ekitaldiak utzitako irudien argazki galeria.