Pedalari eragiten erraustegiaren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 21a, 18:45
Hego Euskal Herriko lurraldeak bizikletaz zeharkatuko duen “AHT eta tokian tokiko proiektu txikitzaileen” aurkako Txirrinka ekimena gaur goizean igaro da Lasarte-Oriatik.

Zubieta eta Usurbilgo lagunekin bat egin zuten lasarteoriatarrek Hipodromoko zubian. Guztiek erraustegiaren aurkako aldarria egin zuten. 

Herritiko auzo ezberdinetatik ibilbidea egin zuen heldu, gazte, zein haurrek osatutako txirrindulari taldeak. Kale Nagusian Okendo plaza paretik igarotzean Aire Garbia plataformako hainbat kideek erraustegiaren aurkako banderolekin agur egin zieten.

Aire Garbia plataformako kideek Euskotreneko biribilgunean hartu zuten testigua eta Hernanirako bidea hartu zuten guztiek. 

Kamixetak

Bestalde, Aire Garbia plataformako lagunak ostirala eta larunbatean, plataformaren logoa kamixeta ilunetan serigrafiatzen egon ziren Okendo plazan.

Hurrengo igandean, maiatzaren 29an Donostian egingo den osasunaren alde eta erraustegiaren kontra Onkologiko eta Diputazio bitartean egingo den giza-katea girotzeko egiten ari den kanpainaren barruan kokatzen da ekintza.

Giza-katean izena ematea

Honekin lotuta, plataformak giza-katerako izena lehenbailehen emateko deia egin die herritarrei.

 “Herrian erraustegiari aurre egiteko sumatzen dugun giroa ezinhobea da eta ez dugu duda egiten Lasartek bere kate-zatia osatuko duela, ederki asko osatu, gainera. Egia da, ordea, hori ez dagoela bermatuta orain arte bildu dugun konpromiso kopuruarekin”, adierazi dute antolatzaileek.

Gauzak errazte aldera, astelehenetik aurrera interesatuek izena eman ahal izango dute Orbela belar-dendan. Okendo plazan hainbat egunetan mahaiak jartzen ere jarraituko dute, orain arte bezala. 

Aire Garbiako kideek gogoratzen dute Interneten bidez ere izena eman daitekeela, erraustuez.org webgunean sartuta.

Igandeko giza-katean lasarteoriatarrei tokatu zaie Easo Plaza eta Londres hotel bitarteko zatia bermatzea. Horretarako, 500  batlagun behar direla kalkulatzen dute.
Hitzordua 11:30ean finkatu dute Easo Plazan. “Katea osatzeko bataz beste 12:00ak arte izango dugu; beraz, puntualtasuna beharrezkoa da”, zehaztu dute.

Aire Garbikoek asteazkenean, hilak 25, egingo dute katea prestatzeko azken bilera. Arratsaldeko 19:30ean izango da, kultura-etxean. “Laguntzeko prest dagoen edozein gonbidatuta dago, jakina”.