Parkeak estaltzeko hausnarketa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 29a, 13:00
'Euritan ere jolasean!' proiektuaren barruan, herritarrek zein eremu estali nahi dituzten erabakitzeko hiru tailer egingo dira aste hauetan. Atzo izan zen lehenengoa eta auzo bakoitzean egon daitezkeen beharrak zehaztu ziren. Lasarte-Oriako Udalak herritarren parte hartzea sustatu nahi du ekintza honetan.

Atzo arratsaldean gure herriko hainbat parke estaltzeko lehen pausoa eman zuten hainbat herritarrek. 

'Euritan ere jolasean!' proiektuaren lehen tailerrean, lehenik, proiektua aurrera eramango duen Hiridunak estudioko kideek parkeen moldaketa egiteko kontuan izan behar diren hiru oinarri azaldu zituzten: hiritargo anitza, eguneroko bizitza eta espazio publikoa edo denontzako espazioak.

Era berean, uda baino lehen ikastolako haur eta gurasoei esker osatutako Lasarte-Oriako parkeen diagnostiko aurkeztu zuten.

Honetan oinarrituta herrian dauden beharrak zehaztu zituzten Hiridunak taldeko teknikari eta herritarrek.

Hurrengo saioak

Hurrengo astean, beste bi tailer antolatu dira.

Asteartean, Lasarte-Oriako lehentasunezko beharrak aztertuko dituzte herritarrek. Saioa Villa Mirentxun izango da, 18:00etan.

Azken saioan lehentasunak kontuan izanik, zein gune estaliko diren erabakiko da. Ostegunean, urriaren 6an, ordu berean, Landaberri-Garaikoetxea ikastolan egingo da tailerra.

Zalantzak

Proiektua aurrera daraman taldeak, Hiridunak estudioak euritanjolasean@gmail.com helbide elektronikoa du martxan herritarrek prozesuari buruz duten edozein zalantza argitzeko.

Parte hartzea

Lasarte-Oriako Udalak guztion onurarako proiektua izaki, herritarrei hurrengo tailerretara hurbiltzeko gonbit egiten die.