Pailazoei harrera beroa

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 23a, 23:00
Irakurle Txokoak antolatuta, Txo Mikmak txikiaren abenturez gozatu ahal izan dute arratsaldean Manuel Lekuonara hurbildu direnak. Herriko Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bi emanaldi eskaini dituzte eta bietan, goraino bete dute kultur-etxeko aretoa. Haur zein helduek ederki pasa dute kanta eta dantzan.

Eserlekuan geldi egoteko zailtasunak izan dituzte Manuel Lekuonara hurbildu direnak. Izan ere, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken ikuskizunak dantzan jarri zituen behin baino gehiagotan.

Irakurle Txokoak antolatutako bi saioetarako sarrerak agortuta, bakoitzean 520 lagun izan dira ikuskizunaz gozatzen. Pirritx, Porrotx eta Marimotots hondartza garbitzera joan dira Pupu eta Lorerekin eta bertan, egurrezko baloeontzian topo egin dute aitona Rokerekin. Ezustean, Txo Mikmak indioa Ternuatik Euskal Herriraino etorri da bere balearekin batera. 

Itsasoa garbi edukitzearen garrantzia eta kutsadurari aurre egiteko mezua zabaldu dute pailazoen lagun berriek. Txok guztiak gonbidatu ditu Pasaian kokatuta dagoen Albaola museora gerturatu eta bertan eraikitzen ari diren baleontzia ezagutzera.

Herritarrak oholtzan
Herriko ikuskizunak ordea izan ditu hainbat gonbidatu berezi. Musika eskolako trikitilari eta pandero joleek harrera egin diete ikusleei euren doinuekin. Horretaz gain, dantza egin dute ere Jalguneko eta Irakurle Txokoko lagunekin batera saioaren amaieran. Jalguneren 'Pusoka-pausoka' kanta izan da denek elkarrekin dantzatu dutenetako bat. Xumela koruko kideak izan dira ere bi ikuskizunetan parte hartzen eta hauek, pailazoen laguntzarekin, 'Egun da Santi Mamiña' kanta eskaini diote euren zuzendaria den Txapasi omenalditxo moduan.