Ostiral gauean hainbat ikuskizun eskainiko dituzte kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 19a, 11:49
'Gautxori' egingo dute ostiralean, Manuel Lekuona kultur etxean. Antzerkiaz, musikaz eta dantzaldiaz gozatu ahalko dute gauean herritarrek, 02:30ak arte. Kultur etxeko taberna irekita egongo da, eta giro lasaian musikaz gozatu ahalko da

Ostiral gau batean ez da aukera askorik izan ohi kulturaz gozatzeko, norberaren etxean ez bada behintzat. Tabernetan eta jatetxeetan izan ohi dira aisiarako aukera bakarrak. Desberdina izango da, ordea, ostiral honetan. Lasarte-Oriako Kultura sailak gau berezia antolatu du: kultur etxean Gautxoria egingo dute. 20:30etik 02:30era bitartean, hainbat kultur ekintza eskaniko dituzte, doan. 
Urtaro aldaketarekin bat dator ekimena, eta udazkenerako kultura ekitaldien aurrekaria izan nahi du. "Beti defendatu dugu kulturak gertukoa izan behar duela, eta denentzako eskuragarri", azaldu du Jesus Zaballos alkateak. Horren erakuskarri da, izan ere, Gau Zuria ekimena, alkatearen hitzetan. Maite Iglesias Kultura zinegotziak eta Juantxi Ugarte Kultura teknikariak lagundu diote alkateari ekitaldiaren aurkezpenean. Sarrera doan izango da, baina aldez aurretik jaso beharko da. 
Kultur etxeko taberna itxita egon arren, gau batez ateak irekiko ditu. Pub Patricio arduratuko da gau horretan edariak zerbitzatzeaz. Urdaiazpiko ebakitzaile bat ere izango da jatekoa emateko. Izan ere, kafetegia Gautxoria ekimenaren zati garrantzitsua izango da. Old Charm Blues bikoteak zuzenean joko du tabernan; musikaz gozatu bitartean, lasai hizketan egoteko  gunea bilakatu nahi dute kafetegia. 
Auditoriuma izango da gaueko beste eszenatokia. Amaia Gonzalezek ikuskizuna eskainiko du hasieran, 21:00etan. Ondoren, kafetegia girotuko du Gonzalezek, dantzaldi batekin. DJ Dukeren doinuek jarriko dute festa giroa kultur etxea itxi arte, 02:30ak arte. 


Ikuskizunen arteko gidaria 
Auditoriumeko bigarren emanaldia antzerkia izango da. Detritus konpainiak sortu du obra: Ovarios verdes fritos. Emakumeek menopausia garaian bizi dituzten gorabeheren errepasoa egingo du antzezlanak. Ugarte kultur teknikariak azaldu duenez, helduentzako obra da,  "pobrokatzailea eta dibertigarria". 23:00etan hasiko da antzerkia. 
Patxi Perez aktorea izango du ikus-entzuleak bidelagun gau osoan. Hura arduratuko baita aurkezpenak egiteaz, eta ikuskizun batetik bestera gidatuko du. Telebista aurkezle ezaguna da Perez; ibilbide luzea du telebistan zein antzerkigintzan. ETBko saioetan ere parte hartu izan du, esaterako, Mi querido Klikowsky umorezko telesailean.
Lehen aldiz antolatu dute Gautxori ekimena, eta, emaitzaren arabera, hurrengo urtean ere prestatzea aztertuko du udalak. Sarrera doakoa izanda, herritarrek parte hartzea espero dtue. Goiko zatia kontuan hartuta, 500 bat lagunentzako tokia du auditoriumak.