Oroitzapenen armairua irekitzen

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 1a, 13:16
None
Pasa dira bost hilabete Lasarte-Oria armairu linguistikotik irten zela, Euskararen 9. Maratoiak bultzatuta. Atzo gogora ekarri zituzten urriko azken aurreko asteburu horretan bizitako guztiak, eta baita Ahobizi zein Belarripresten erronkakoak ere. Oroitzapenen armairua ireki zuten Manuel Lekuona kultur etxean.

Herritarrek ez zuten pasatzen utzi Euskararen 9. Maratoian bizitako une zirraragarriak gogoratzeko aukera, eta asko izan ziren Manuel Lekuona kultur etxera gerturatu zirenak. Oroitzapenen armairua ireki zuten Manuel Lekuona kultur etxean, zortzikoteko kideen laguntzarekin. 

Bizkartzain eta guzti, Donald eta Melania Trumpek ere ez zuten galdu nahi izan atzoko emanaldia. Auditorioko oholtza gainera igo ostean, hitzaldia eskaini zuten ikusleen aurrean, Palmondoa Okendora eramatearen aldeko taldeak eten zuen arte. Zuhaitz famatua eta aldarrikapen pankarta eskuetan, protesta betean sartu ziren kultur etxean, eta estatubatuarrak kanporatu ondoren, palmondoa herriko plaza horretan jartzearen aldeko manifestaziora deialdia egin zuten.

Ondoren, Isa Fernandez de Agirre eta Edu Galardik egindako bideo-dokumentala ikusi zuten kultur etxera bertaratutakoek. Emanaldiak iraun zituen hogei minutu pasatxo horietan, Euskararen 9. Maratoian zein Belarriprest eta Ahobizien erronkan bizitakoak gogoratu zituzten, barre-algara eta nostalgia aieneak txandakatuz.

Bukaerak ezin zuen bestelakoa izan: Euskararen 9. Maratoiaren doinu ezagunenetako bat berriro entzun zen areto osoan, eta zortzikoteko kideak horrezkero taula gainean zeudela, gogotik egin zuten dantza herritarrek, erakutsiz hilabete batzuk pasa badira ere gogoan dutela oraindik koreografia.

Arratsaldeari amaiera borobila eman ostean, hala nahi izan zutenek bideo-dokumentalaren DVDa jaso zuten dohainik, nahi adina aldiz etxeko berotasunean oroitzapenen armairua berriro irekitzeko.