'Ongi etorri' bideoa Hik Hasik antolatutako jardunaldietan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 24a, 21:57
Donostiako Kursaaleko Ganbara aretoan “II. Herri hezitzaile, eskola herritarra” lemapean heziketaren inguruko jardunaldiak ospatzen ari dira. Bertan guztira 537 lagunek parte hartuko dute eta gaurko saioan Pablo Barrio alkateak parte hartu du herrian egin den Aniztasunaren inguruko lanketa azaltzeko.

Duela bi urte Francesco Tonucci pedagogoa eta “Haurren hiria” egitasmoaren sortzailearekin hasitako bideari jarraipena emateko, oraingoan, aniztasuna kontuan hartzen duten Finlandiako, Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat esperientzia ezagutu dira Hik Hasik antolatuta Kursaalean burutzen ari diren jardunaldietan. Honetan, hezkuntzako, aisialdiko, euskarako eta kulturako 12 eragile izan ditu bidelagun Hik Hasik, tartean Ttakun herriko euskara elkartea.

Bertan, aniztasunaren inguruko gaiak ere jorratu dira eta Lasarte-Oriako Udalak egindako “Ongi etorri” bideoa proiektatuko da gaur arratsaldeko saioan. Udalerrian aniztasunaren inguruan egiten ari den lanketaren erakusgarri. Hori dela eta Pablo Barrio alkatea ere gonbidatu dute eta bideoa proiektatu aurretik berak eman dio sarrera arratsaldeko lanari.

Hau izan dira Pablok hurbildu direnei irakurritako poema:

Herenegun eskola batera joan nintzen.

Estereotipoak apurtzeko,

elkar ezagutzak eraikitzeko,

klaseak ematen zituzten bi maisuk:

marokoko eibartarra zen bata

azerbayango tolosarra zen bestea

musulmanak,

emakumeak

eta euskaldunak ziren biak.

Ikasleok adinekoak ginen denok.

Ume bakarra zegoen, bi urtekoa edo,

erdi lo batzuetan, erdi negarrez bestetan, barre alaia askotan.

Ikasle ona, beraz.

Ziur ez zuela ezer ulertu,

baina, ziur, asko ikasi zuela.

Arnastu zuen airean

oinarrizko jakinduria xumea eta beharrezko errespetu handia bait zegoen,

eta,

ziur-ziur,

biriketan barrena bihotzean pega-pega eginda geratu zitzaiola betirako.

Klasea bukatutakoan,

duela gutxi-gutxi saharatik etorritako zizeroneak eskutik heldu zidan.

Gaztelania ezin eskasagoan eta irribarre ezin aberatsagoan

paretetan zintzilik zeuden beraien kanpamenduetako arropak eta artisautzak

erakutsi zizkidan.

Eta baita paretatik zintzilik zeuden argazkiak,

basamortuari begira irekitako leiho modukoak,

eta bertan adobezko etxeak eta jaimak,

eta bertan emakumeak eta zaharrak,

eta bertan umeak eskolan ere bai,

lurrean eserita,

egurrezko arbela txikiak eskuan, nik txikitan ezagututakoen antzekoak.

Nola da? Eskola hezitzaile eta herritarra?

Ba, peto-peto, bertan.

Hau guztia herenegun. Baina astelehenean parecido.

Errumaniakoa zen maisua, emakumea, eta bere herriko ederrak eta ez hain ederrak

kontatu zizkigun.

Nik bere poltsoan ikusi nuen liburuxka bat.

Hiztegi bat zen: errumaniera, gaztelania eta euskara, batetik bestera pasatzeko.

Berak idatzia zuen hiztegia.

 

Beste egunetan txikarra egin dut. Ez naiz eskolara joan. Eta damu nago.

Atzo Porrotxek, maitasunetan katedratikoa, ematekoa zuen lekzio magistrala.

Eta asteartean Saharako Polisarioko lizentziaduna zen hizlari.

Eta bestean Kale Dor Kayiko ijito masterduna.

Eskola hori Lasarte-Orian dago,

eta harro nago.

Nahi duzuenean, ongi etorriak izango zarete eta.