Udaletik jakitera eman dutenez, “herrian 100 urte bete dituztenak bisitatzeko lehengo tradizioa errekuperatuz”, alkatea eta zinegotzia 100 urteen langa gainditu duten bi herritarren etxeetara hurbildu ziren eta, haiekin hizketan aritu ondoren, arrosa zurizko lore-sorta bana entregatu zieten. Ekimenarekin, “Udalak aitormena egin nahi die pertsona horien bizitzari”.
Lehenbiziko bisita Blasa Hernandezi egin zitzaion. Aurten 100 urte bete dituen emakumeak hunkituta jaso zuen lore-sorta. “Hizketaldi atsegin batean, Blasak bere pasadizoetako batzuk kontatzeko aukera izan zuen. XX. mendearen hasierako bizitza gogor baten istorioak, Salamancako lurretan gertatuak, handik etorri baitzen Lasarte-Oriara”.
Ondoren, María Dolores Toribioren etxera hurbildu ziren. Aurten 102 urte beteko dituen emakume honek “adore onekoa zegoela erakutsi zuen. Harekin izandako elkarrizketak berriz ere agerian jarri zuen bizitza gogor bat, lan eta ahalegin askokoa” Zamoratik irten eta Lasarte-Orian finkatzeaz oso pozik azaldu zela adierazi dute udal ordezkariek.