Oholtzan gozatzen

IƱigo Gonzalez Sarobe 2017ko eka. 21a, 15:15
Asteburuko emanaldiekin itxi du emanaldi hamabostaldia Kukuka Antzerki eta Dantza eskolak. Antzerkia, dantza garaikidea, euskal dantza eta euskal dantza sorkuntza ikusi dituzte herritarrek.

Oholtzan gozatu dute Kukuka eskolako ikasleek asteburuan. Eta baita ikusleek ere, euren eserlekuetan. Antzerki eta dantza hamabostaldiko azken emanaldiak eskaini dituzte Kukukako kideek Manuel Lekuona kultur etxean.

Antzerkia izan da Kukukakoek landu duten generoetako bat. Ostiral iluntzean 'Ez gaituzte botako' lana oholtzaratu zuten helduen taldekoek. Larunbat arratsaldean, berriz, gazteen txanda izan zen: 'Zuloria' interpretatu zuten. 

Dantza garaikideko ikasleek larunbat arratsaldean erakutsi zuten ikasturtean zehar ikasitakoa. DBH 1 eta 2 mailetako ikasleek eta helduen taldea aritu ziren kultur etxeko oholtzan.

Igande goizean Euskal Dantza Sorkuntza ikasten ari diren gaztetxoak ederki aritu ziren. Landaberri-Garaikoetxea, Sasoeta eta Zubietako ikasleek osatu dituzte taldeak. HH5etik LH3 mailetara arteko neska-mutilak aritu dira.

Eta, bukatzeko, Euskal Dantza Sorkuntza izan zen protagonista igande arratsaldean. LH4tik hasita eta DBH4ra arteko gaztetxoak aritu ziren aurrena. Gazteek eta helduek itxi zuten emanaldi ikusgarria. Asteburua biribiltze aldera, aurten sorkuntzan ibili diren guztiek elkarrekin dantzatu zuten oholtza gainean eta auditorio inguruetan.

Argazki galeria