Normaltasun osoz doa hauteskunde eguna

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 25a, 16:52
Eusko Legebiltzarrerako hautagaiak aukeratzeko eguna da gaur Euskal Autonomia Erkidegoan.

Eusko Legebiltzarrerako hautagaiak aukeratzeko hauteskunde eguna da gaurkoa eta normaltasun osoz igarotzen ari da eguna Lasarte-Orian. Goizeko 09:00etan ireki dituzte ateak herriko leku ezberdinetan kokatutako hauteslekuek eta iluntzeko 20:00ak bitarte eman ahal izango dute botoa lasartearrek. Oraingoan,  14.329 Lasarte-Oriatarrek izango dute botoa emateko eskubidea; horietatik 14.141 herrian bizi dira eta 188 berriz, atzerrian. Guztira, 23 hauteskunde-mahai daude herritarrek botoa eman ahal izateko, horiek guztiak, 13 ataletan banatuak. Zumaburu Ikastetxeko segurtasun arazoak medio, zazpigarren eta zortzigarren ataletako mahaiek, leku aldaketa izan dute, eta bertan bozkatu behar duten Lasarte-Oriako bizilagunek, Biyak Bat Jubilatuen Elkartera gerturatu beharko dute, beraien botoa eman ahal izateko. Gaurko hauteskunde eguna behar bezala antolatzeko, guztira, 207 herritar hautatu dira hauteskunde mahaietarako; horietatik 69 ari dira lanean eta 207 ordezko.