Nordic Walking-a iritsi da herrira

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abe. 22a, 12:41
Ipar Martxak bi makilaren laguntzaz ibiltzean datza, ez edozein makilarekin ordea, kirol honetarako bereziki sortutakoekin baino. Mugitzeko era berri bat da, gorputz osoari eragingo diona; atsegina, leuna eta aldi berean oso eraginkorra, giharren indarra, bihotza, koordinazioa eta mugikortasuna areagotzen dituena. Kirol hau herritarrenganatzeko, urtarrilaren 17an Okendo plazan postua jarriko dute Rosa Ormazabal eta Begoña Moriana Nordic Walk instruktoreek, gerora, ikastaroekin hasteko.

Nordic Walking-a edo Ipar Martxa, azken urteotan azkarren areagotu den aisialdirako jarduera fisikoetako bat da. Finlandian du jatorria. Bertan, ipar eskiatzaileek udan zehar, elurrik ez zegoenean, entrenatzen jarraitzeko zuten aukera bakarra zen Nordic Walking-a. Elurrik gabeko lurzoruetan makilekin ibiltzea baitzen haientzat entrenatzeko aukera bakarra. 

Alemanian esaterako, osasun publikoak NW-eko ikastaroak ordaintzen ditu zenbait  errehabilitazio programaren osagarri modura eta hainbat gaixotasunen prebentzio teknika gisa. Hankei ez ezik, besoei eta orokorrean soinaren goiko alde osoari eragiten dion ibiltzeko modua da Ipar Martxa.

Makilak oso material arinez ekoitzita daude. Batetik, beheko muturrean metalez egindako punta zorrotza dute, bestetik, goiko aldean eskumuturrari heltzeko “dragonera” deritzon lokarria. Honi esker, makila besoaren luzapena bailitzan erabil daiteke, ibiltariari ALFA izeneko teknika berezia balia dezan erraztuz.

Edozein lurzorutan egin daitekeen arren, gogorretan aritzeko, hau da, errepide edo bidegorrietan, punta zorrotzari gomazko estalkia jarri ohi zaio, dardara eta labaindura saiheste aldera.

Plaza irekia Okendon
Ttakunek antolatuko duen ikastaroa ENWE (Euskadiko Nordic Walking Elkarteko) bi oinarrizko instruktorek emango dute, 2014ko promozioan osatuak, Rosa Ormazabal eta Begoña Moriana dira eurak. Begirale bezala beraiek ikasitakoa elkarbanatu nahi dute eta ikastaro batzuk proposatu dituzte. Lehen hitzordua urtarrilaren 17an izango da, Okendo plazan, irekian.