Nagusien omenaldia, ekintzaz betetako astea

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 4a, 21:14
Gaztetasun fisikoa ez, baina psikologikoa mantendu daiteke urteak pasa ahala. Herriko adineko pertsonek gazte ere badirela erakusten ari dira astean zehar, Nagusien omenaldiaren baitan prestatu dituzten ekintza guztietan gogotsu parte hartuz. Dantza lehiaketa, martxa erregulatua, bazkari jendetsua... Iritsi dira ospakizunen ekuatorera; ostegunean amaituko da omenaldiaren astea.

Pasa den osteguneko bandera altxatze ekitaldiak eman zion hasiera ekintzaz betetako asteari, Nagusien omenaldiari hain zuzen ere. Iritsi dira ospakizunen ekuatorera, asteburu mugitu baten ostean. Emanaldia eskainiko dute Biyak Bat eta Nagusilan koruek bihar arratsaldean, 18:30ean, Brigitarren komentuan.

400 bat jatun bildu dira gaur Michelingo frontoian, urtero bezala bazkari-legea egiteko. Divinus katering enpresak prestatu du menua eta bapo bazkaldu dute denek. Ohitura den moduan, 80 urte bete dituzten gizon-emakumeei oroigarri bana eman zaie; 9 gizon eta 14 emakume izan dira omenduak aurten. Mahai guztien erdigunean kokatu dira Biyak Bat egoitzako lehendakari Exiquio Perez, Lasarte-Oriako apaiz Juan Luis Murua, Jesus Zaballos alkatea eta Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako burua. Horiez gain, beste bi gonbidatu berezi: urte gehien dituzten gizon eta emakumea. 

90 urte ditu Primitivo Callek. Cacereseko Pionar del Valle herrikoa (Extremadura) da bera jaiotzez, eta 1964an etorri zen herrira. Maria Transito Acosta Perezek berriz 93 urte bete ditu aurten, eta 1986az geroztik bizi da Lasarte-Orian. Argentinarra da bera, Cordoba herrikoa. Biek sasoi betean daudela erakutsi dute eta gustura dastatu dute bazkariko menua, eta plateren zain egon bitartean berriketan aritu dira mahaikideekin. 

Ostegun honetan bukatu, aurrekoan hasi

Ostegunean bukatuko da aurtengo nagusien omenaldia, eta egun horretan hasi zen, pasa den astekoan. Isla Plazan hainbat jokotan aritu ziren egoitzan bandera jarri ostean.

Ostiral goizean ibilbide osasungarria egitekoak ziren baina eguraldi txarra tarteko beste baterako utzi behar izan zuten. Arratsaldean kultur etxean izan zuten hitzordua, eta gogotik gozatu zuten 'La verdadera historia de Romeo y Julieta' antzezlanarekin.

Bezperan egin ezin izan zuten paseoa larunbat goizean eman zuten, martxa erregulatuan. Hainbat bikotek hartu zuten parte eguraldi paregabeak animatuta. Arratsaldean berriz, dantza lehiaketa egin zuten Biyak Bat egoitzan. 

Orain arteko ekitaldien irudiak ikusgai argazki galeria honetan.