Musika eta umoreaz gozatzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 22a, 20:30
Zer gertatuko litzateke clown talde batek SuBerri akordeoi taldearen kontzertu bat antzokia haien ekitaldirako alokatua zegoela esanaz geldiarazten badu. Ba akordio batetara iritsi eta bi ekitaldiak tartekatzen direla.

Era honetara, atzo arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxera hurbildu ziren herritarrek SuBerri taldearen doinuez eta Tutik Clowns taldearen umoreaz gozatu ahal izan zuten Akorde-kon-fussion ekitaldian.

SuBerri akordeoi taldeak estilo ezberdinetako hainbat lan eskaini zituen ekitaldian zehar, hala nola, Chuecaren 'El Bateo' edo 'Bagatela'.

Tutik clown taldeko kideek berriz, egoera komikoak sortu eta esketxak eta magia trukoak egin zituzten ikusleen artean barreak eta algarak sortuaz.

Hala ere, momentu batzuetan biak uztartu eta ondorioz, Tutik Clownseko kideak balleta dantzatu edo saxoa joaz SuBerri akordeoi taldearekin batera Duke Ellingtonen doinuak eskaini zituzten. Amaieran gainera, SuBerri akordeoi taldeko kideak sudur gorriz jantzita ikusteko aukera ere izan zen.

Herritarrek txalo zaparrada handiaz eskertu zuten bi taldeen lana.