"Melillan, guregan zuten egoera aldatzeko itxaropena"

maddi-noriega 2017ko uzt. 28a, 14:53
Maider Agirre lasateoriatarrak mugak zabalduz karabanan parte hartu du. Astebeteko ibilbidea egin du Melillako errefuxiatuei laguntza emateko. Bertan bizitakoaren berri eman dio Txintxarri-ri.

Zer da Mugak Zabalduz?

Mugak Zabalduz karabana 2016ko udan Greziako karabanan sortu zen sarea da. Gaur egun espainiar estatuko ehun taldetik gora osatzen dute; hauen artean daude hainbat gizarte mugimenduko eragile, talde feminista, gobernuz kanpoko erakunde, sindikatu, alderdi politiko, eta abar. 

Karabanaren helburu nagusiak bi ildo jorratzen dituzte: harrera eta inmigrazio praktiketan giza eskubideak eta nazioarteko akordioak betetzen direla bermatzea, batetik, eta, bestetik, gure jendartea sentsibilizatzea errefuxiatu eta migratzaileen errealitatea ezagututa sentitu, pentsatu eta ekin dezan.

 Zein da Mugak Zabalduz karabanaren aldarrikapena?

Karabanaren aldarrikapenak hemeretzi puntutan banatu ditugu. Abriendofronteras.net web-gunean irakur ditzakezue aldarrikapenak behar bezala garatuta. Oro har, salatzen dugu Europak duen erantzukizuna errefuxiatuen jatorrizko herrien egoera politiko eta ekonomikoan. Logika patriarkal eta kapitalistari jarraituz haien baliabide naturalak ustiatzen dituelako, europar gastu militarra justifikatzeko eta armagintza bultzatzeko gatazkak eragin edota sustengatzen dituelako eta emakumeek eta neskatilek gerraren testuinguruan jasaten duten sexu indarkeria praktikak albo kalte kontsideratzen dituelako, dagokien gerra krimen izaera ukatuz.

Aldi berean, gobernuei exijitzen diegu nazioarteko zuzenbidearen xedapenak bete ditzaten giza eskubideen arloan, migrazio bide seguru eta legalak bermatuz pertsona ororentzat eta harrera politika duin eta eraginkorrak ezarriz. Zehazki Ceuta eta Melillari dagokienez, eskatzen dugu bertan behera lagatzea mugen blokeoa, muga pasatzen saiatzen diren pertsonek jasaten duten errepresio bortitza, harrera bulegoetan sartzeko dituzten eragozpenak eta unean uneko itzulketek etorkinen asilo-eskubidea urratzen dutelako. Ceuta eta Melilla hiriak estatu-barneko mugak izateari uztea nahi dugu, bertan dauden etorkinen asilo-eskubidea bermatuz eta Penintsularako mugak zabalduz.

Ceuta eta Melillan dauden MENAk (hau da, bakarrik dauden atzerritar adingabeak) estatuko herrialdeetan zehar banatzea nahi dugu, bere eskubideak errespetatu eta merezi duten arreta izan dezaten eta haietako askok jasaten duten indarkeria eta abandonua saihesteko. Aldi berean, Europa osoan dauden Atzerritarrak Hartzeko Zentroak (CIE) ixtea exijitzen dugu, praktikan etorkinentzako kartzela xenofoboak direlako.

Arreta espezifikoa eskatzen dugu emakumeentzako eta LGTBI pertsonentzako. Haien migrazio eskubideak diskriminaziorik gabe betetzea; berezko osasun, sexu eta erreprodukzio beharrak asetzea eta emakumeek norbere bikotekidearekiko aparteko harrera eskaera egiteko eta estatutu propioa izateko eskubideak bermatzea.Azkenik, Ceuta eta Melillako muga-arteko langileen, hau da, zamari edo “porteadoras” deritzen langileen eskubideak eta duintasuna ziurtatzea eskatzen dugu.

 Nolatan animatu zara Mugak Zabalduz karabanan parte hartzera? Nola antolatu zenuten bidaia?

Egia esan sartu berria naiz migrazio eskubideen aldeko aktibismoan. Ekainean Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako lagun batek karabanaren berri eman zidan. Oso interesgarria iruditu zitzaidan, opor aldetik joateko aukera nuela ikusi nuen eta izena eman nuen Bidaia antolatuta etorri zait, ni iritsi nintzenerako dena prest zegoen. Euskal Herritik lau autobusetan joan gara. Gipuzkoatik hogeita bi pertsona gindoazen eta nafarrekin batera autobus bat osatu genuen. Euskal Herritik uztailaren 14an atera eta uztailaren 22a bitartean Madril, Sevilla, Algeciras, Tarifa, Málaga, Melilla, Almería eta Níjar bisitatu genituen. Herrialde bakoitzean bertako taldeek diseinatu eta prestatu zituzten jarduerak, ekintzak, lo egiteko eta jateko azpiegitura, garraiobideak, eta abar.

 Zenbat lagun joan zarete?

Guztira laurehun eta berrogeita hamar pertsona inguru joan gara autobusetan estatu osotik, haietatik berrehun pasatxo hego Euskal Herritik. Karabanaren ibilbidean zehar pertsona gehiago gehitu zaizkigu, leku jakin bateko ekintzetan parte hartzeko edo ibilbidearen zati bat gurekin batera egiteko. Zaila da kalkulatzea zenbat lagun ginen. Batzuk ezin izan dute ibilbide osoa egin, beste batzuk tartean batu zaizkigu. Komunikabideren batean irakurri nuen Melillako osteguneko manifestazioan bostehun pertsona bildu ginela.

Nolakoa izan zen 14an hasitako bidaia Melillara heldu arte? 

Gogorra, itxaropentsua, neketsua, aktiboa, aktibista, alaia, tristea, kementsua, bidegabekeriaz zikindua, erresistentziaz eraikia. Era guztietako emozioez betetako koktel koloreanitza.

Bertara iritsitakoan, zerrekin egin zenuten topo?

Aipatu berri dudan bizipen eta sentsazio sorta osoarekin, baina bozgorailuz adierazita.

 Zein ekintza egin dituzue egun horietan guztietan? 

Nik 14an lana izan nuen eta zuzenean Madrila joan nintzen gauean. Beraz, lehenengo eguneko ekintzetan ez nuen parte hartu. Uztailaren 14an, eguerdian, Euskal Herriko lau autobusak Bardeetan bildu ziren. Han manifestazioa egin zuten eta performance bat antzeztu zuten tiro eremua gaitzesteko, bertan entseatzen baitituzte militarrek Ekialde Hurbilera eta Afrikara esportatzen dituzten gerrak.

Uztailaren 15an kontzentrazioa egin genuen Madrilen, Kongresuaren parean. Ondoren prentsaurrekoa eman genuen eta giza katea osatuz itzuli ginen autobusetara. Handik Sevillara abiatu ginen. Sevillan manifestazioa zegoen antolatuta. Ekitaldi politiko eta musikalarekin amaitu genuen eguna, erakunde ezberdinen testigantzak eta aldarrikapenak entzunez.

Igandean, uztailaren 16an, karabanako lehen asanblada ospatu genuen lo egiteko erabilitako kiroldegian bertan. Asanblada horretan norbaitek azaldu zuen aurreko egunean, larunbatean, Bartzelona eta Dakar arteko hegaldi batean mutil senegaldar bat deportatu nahian ari zirela ohartu zirenean hegaldi hartako berrogei bidaiari inguru matxinatu zirela. Ordu eta erdi pasa ondoren, hegazkinetik jaitsi arazi zituzten Guardia Zibilek, hamaika pertsona identifikatu zituzten protestan parte hartu zutenen artean eta haiek lurrean utzita bigarren hegaldi batean deportatu zuten mutila. Ez genekien oraindik zein ondorio izango zuen gertatutakoak hamaika bidaiari horientzat, momentuz hegaldia galduta zuten eta antza denez, Iberia eta Vuelingeko hegaldietan joateko eskubidea ukatuta zuten etorkizunerako. Karabanak jazotakoa salatu behar zuela pentsatu genuen eta orduan bururatu zitzaigun Sevillako aireportuan zerbait antolatzea. Ekintza inprobisatua zenez, ez genuen baimenik. Gure abokatuek jakinarazi ziguten Mordaza legearen arabera zein muga eta arrisku genituen. Arriskua zen, txarrenean jarrita, legea errespetatu ezean bakoitzak seiehun euro arteko multa jasotzea eta karabana bertan behera utzi behar izatea. Hori gertatzea nahi ez genuenez, legearen mugen barruan eraiki behar genuen gure ekintza. Oso azkar antolatu genuen guztia. Aireportura iritsi ginen. Polizia piloa etorri zen. Bazekiten zerbait. Errepidean bertan lehenengo autobusarekin batera hainbat patruila etorri ziren. Soinean inolako ikurrik eraman gabe, hogei lagunetik beherako taldetan hurbildu ginen Iberia eta Vuelingeko bulegoetara, legea betez. Ekintzak ordu erdia iraun behar zuen, autobusetik jaitsi eta bertara itzuli arte. Leihatilak blokeatu genituen, banan-banan erreklamazio orriak betetzeko asmoz. Lehenengo bizpahiruei eman zizkieten soilik erreklamazio orriak. Autobusean, aireporturako bidean, gai honen inguruan asmatu genuen protesta abestia kantatzen hasi ginen. Pixkanaka berotzen ari ginen, bata bestearengandik gero eta hurbilago. Guztiok batera abestia ozenki intonatuz amaitu genuen ekintza, konga dantzatuz autobuserako bidea hartuta. Zorionez ez genuen arazorik izan poliziarekin eta ekintzak oihartzun mediatiko zabala izan zuen. Gure helburua bete genuen: deportazioen auzia jendarteari ikustaraztea eta praktika hauekin bat egiten duten enpresei gure gaitzespena azaltzea. Energiaz indarberrituta iritsi ginen arratsalde hartan Algecirasa, bertako CIEaren ate parean atzerritarrak espetxeratzeko zentroekiko gure desadostasuna aldarrikatzera.

Tarifako futbol zelai batean Levanteko haizearekin borrokan pasa genuen gaua, kanpin dendatan ginenak hegan ateratzeko beldurrez eta kalean lo egin zutenek azalean pairatuz haize bolada bortitzak. Gau hartan Tarifako CIEn bizi diren errefuxiatuek egunero-egunero jasaten dituzten bizi baldintza gogorren dosi txiki bat jaso genuen gure baitan. Oso baldintza latzetan bizi dira. Ez dute komunik ez lasai egoteko lekurik. Komunekoak patioan egin behar izaten dituzte, lurrean dagoen zulo batean, guztion begi-bistan. CIErako bidean performancea antzeztu genuen, hondartzara iristen den etorkin taldea bilakatu ziren hainbat karabanakide, eta lurrean etzan ziren hilotz, hondartzan lehendabizi eta, martxaren bukaeran, CIEren aurrean. Performancea amaitutakoan, Tarifako lurmuturrean dagoen CIEra gehiago ez hurbiltzeko ohartarazi zigun Guardia Zibilaren ibilgailuak markatutako mugan eseri ginen karabanakide batzuk, kontsignak oihukatuz eta ordura arte osatua genuen abesti sorta kantatuz, protesta amaitutzat eman genuen arte.

Arratsalde hartan ekitaldi politiko-kultural jendetsua izan genuen Málagan, gauez Melillarako ferrya hartu aurretik.

Nolakoak izan dira Melillan igarotako egunak? Zein zen zuen eginkizuna bertan? Zein egoera bizi izan dituzu?

Melillan astearte eta ostiral bitartean egon ginen. Bertan lanean ari diren eragileek antolatutako programa jarraituz, manifestazioak eta protesta ekintzak egin genituen, MENAkin egon ginen eta mugara hurbildu ginen zamarien lan baldintzak gertutik ikustera.

Melillako eragileen egoera oso latza da. Oso bakarrik daude eta bertako gobernu xenofoboak behin eta berriro jartzen dizkien oztopoak gailenduz berebiziko esfortzuz eta erresistentziaz egiten dute lan. Hortaz, gure eginkizuna hirukoitza zen Melillan. Hara joan ginen karabanaren aldarrikapen nagusiak plazaratzera eta jendartea sentsibilizatzera. Baina, horrez gain, bertan lanean ari diren aktibisten hauspo bihurtu ginen. Babestuta sentitu ziren. Bostehun pertsonen sostengua jaso zuten. Haietako batek ahotsa.infoko kazetariari esan zion moduan, “nabarmen geratu da ez garela zoro talde bat eta, hala balitz, ez gaudela bakarrik, gu bezalako zoro asko dagoela eta, agian, besteak direla zoroak, Gobernuaren aurka protesta egiten ez duten haiek”.

Aipatu beharra dago Melillako biztanleen artean beldur handia sumatu genuela. Jende askok helarazi zigun gure aldarrikapenekiko adostasuna eta gure esku jartzen zuten egoera aldatzeko itxaropena. Gaitasun hori beraien esku ere badagoela esaten genienean eta altxatzera animatzen genienean beldurra adierazten ziguten.

Asteazken goizean mugara joan ginen zamarien lan baldintzak salatzera. Legezko estraperloan egiten dute lan. Legeak dio onartuta dagoela pertsona batek soinean eraman dezaken karga osoa mugaren alde batetik bestera eramatea. Negozioa egina dago: zamarien miseriaren kontura autoritateak eta kontrabandistek izugarrizko etekinak sakelaratzen dituzte. Berrogeita hamar, hirurogei, laurogeita hamar kilo bitarteko fardelak prestatzen dituzte. Fardelak kamioietan daude. Gizonek kamioietatik jaitsi eta arrastaka eramaten dituzte mugara. Mugan emakumeak daude zain, fardelak bizkarrean jaso eta soinean Marokora eramateko, mugaz bestaldera. Mugaren korridoretik pasatzen diren bitartean poliziak behin eta berriz jipoitzen dituzte porrekin. Ez da broma. Gutako batzuk mugaz bestalde ginen bitartean zamari talde batek zauri orbainak erakutsi zizkieten gipuzkoar taldekideei. Ez dira betetzen espainiar legediak onartzen dituen lan baldintza minimoak. Ez dira langile kontsideratuak. Ezta pertsona ere. Kargarako abereak baino okerrago tratatzen dituzte. Eta estigma hori Melillako jendartera zabaltzen da. Mespretxatuak dira, arbuiatuak. Zenbaitzuk “dortoka” deitzen diete mespretxuz. Hiru bider erresistente: pobre direlako, etorkin direlako eta emakume direlako.

Mugatik bueltan dendari gazte bat etorri zitzaigun Melillako egoera jasangaitza dela esanez eta zamarien lan baldintza lotsagarriak salatuz. Baina protesta eginez gero errepresaliak jasotzeko beldur zela zioen. Ezin izango zuela negozioarekin aurrera egin, itxiaraziko ziotela eta familiari jaten emateko beharrezkoa zuela. Eta ezagutzen zituen hainbat kasu aipatu zizkigun.

Eskuindarren hitzak ere entzun genituen. Francoren aldeko aldarrikapenak egin zituzten gazte batzuk haren estatuaren aurrean protestan ari ginen bitartean kotxez pasa zirenean. Melillara zertara joan ginen azaltzeko kalean orriak banatzen ari ginenean ere bateren batek esan zigun muga zabalduez gero Melilla etorkinez beteko zela, Mexikoko El Paso bilakatuko zela, gaizkile eta lapurren eremu. Horrelaxe ikusten du auzia Melillako sektore zabal batek.

Arazorik izan al duzue bertako poliziarekin? Bestelako arazorik?

Karabanak izaera bakezalea duenez, poliziak jarri dizkigun mugak errespetatu ditugu. Egoeraren arabera haien malgutasuna neurtzen genuen, ahal genuen neurrian muga horiek zeharkatuz. Hau da, honaino esaten baziguten, pixka bat harago joaten saiatzen ginen, soka ahal bezainbeste tinkatuz.

Nabarmena zen poliziek indarkeriarik gabeko esku hartzearen agindua zutela. Bazekiten komunikabide asko gurekin batera etorri zirela eta Gobernua ez zegoen prest horren kostu mediatikoa ordaintzeko. Osteguneko manifestazioren bukaeran hesian gure aldarrikapenak kateatu genituenean Guardia Zibilek kartelak jaso zituzten eta guri itzuli. Berriz jarri genituen eta haiek berriz jaso eta guri eman. Bizpahirutan errepikatu zen hau, poliziek kartelak hartu, puskatu eta bota zituzten arte.

Zamariek ere adierazi ziguten gu mugara joan ginen egunean ez zituztela jipoitu, gu han ginelako, baina egunero jasaten dituztela haien porren astinduak.

Guk ere saihestu genuen poliziekin gatazka. Ekintza bat inprobisatu genuen jakin genuenean Fernández Díaz ministro ohia Melillara zetorrela hitzaldi bat ematera. Tarajaleko sarraskiaren erantzukizun nagusia duen ministro ohia Melillako Palacio de la Asambleara sartzera zihoan unean berarengana hurbildu ginen kontsignak oihukatuz, kartelak erakutsiz eta Tarajalen gertatutakoari buruzko azalpenak eskatuz, besteak beste. Bera jauregira sartu arren, kanpoan egon ginen tarte batez. Gutako batzuk sartzen saiatu ziren, baina poliziek kanpora bultza zieten. Tentsioa handitzen hasi zen. Poliziek errefortzuak eskatu zituzten irratiz. Alde egiteko unea zen, gure helburua betea zen. Aldarrikapena egina genuen eta hortik aurrera ezin izango genuen ezer berririk lortu, jipoituak eta atxilotuak izatea besterik.

Zein egoeratan bizi dira Melillan dauden errefuxiatuak?

Gaizki. Oso gaizki bizi dira.

Ezin dizuet eman testigantza askoren berri. Pertsona ugari ginen eta bakoitzak hainbat pertsona eta errealitate ezagutu genuen.

CETI bat etorkinen behin behineko egonaldirako zentroa da. Bertara eramaten dituzte muga igarota harrapatzen dituzten MENAk, harik eta hemezortzi urte betetzen dituzten arte. Behin adingabeko izateari uzten diotenean kalean lagatzen dituzte. Bakarrik. Esku hutsik. Jatekorik gabe. Aldatzeko arroparik gabe. Ezer gabe. Batek daki zenbat urtez CETIan bizi izan ondoren. Une honetan laurogei adingabeko inguru bizi dira Melillako kaleetan. Ez dute CETIra joateko inolako gogorik. Ez bere kabuz behintzat. Badakite han ez dutela etorkizunik. Ez direla bermatuko beraien eskubideak.

Karabana Melillako CETIn izan zenean, gure kideak hango gazteekin egon zirenean, elkarrekin futbol partidua jokatu zuten arratsalde hartan, ni ez nintzen gaztetxo haiekin egon. Fernández Díazen bisitaren kontra protesta egitera joan nintzen. Agenda estua genuen eta aukeratu behar. Beraz, ezin dizkizuet helarazi haien testigantzak. Dena dela, makina bat komunikabideetan aurkitu ahal izango dituzue karabanakideon testigantzak, baldin eta interesa baduzue.

CETIetako MENArik ez nuen ezagutu, baina muga pasa berri eta Penintsulara iristen saiatzen ari ziren hiru gazte marokiar ezagutu genituen, 17, 18 eta 20 urtekoak. Kontatu ziguten aste batzuk lehenago igerian zeharkatu zutela muga, itsasotik. Zaila eta gogorra dela oso, distantzia oso luzea ez bada ere poliziak porrekin jotzen baitiete igerian ari diren bitartean. Batzuk bakarrik lortzen dute polizien eskuetatik ihes egitea. Gure hiru lagunek lortu zuten azkenik. Muga pasatze horri risk egitea esaten diote. Orain bigarren riska dute aurrean: Penintsulara iristea. Gauero saiatzen dira ferryan sartzen polizoi gisa. Gu han izan ginen bost egunetan ez zuten lortu. Inshala.

Nola bukatu zen karabana?

Melillatik atera eta Almeriara joan ginen. Ziraragarria izan zen larunbatean, hilaren 22an, ezagutu genuen errealitatea. Níjarreko abrikot negutegi bat bisitatu genuen eta jornalarien txabolak ikusi genituen, plastikoz eraikiak. Lan kontratua izan arren, nekazariek ez dizkiete ordaintzen lan-hitzarmenaren arabera jaso beharko lituzketen eguneko 46’72 euroak. 32, 35, 37 euro ematen dizkiete, inoiz ere ez dira iristen 40 euro jasotzera. Paperik ez dutenei maiz ez diete ordaintzen eta, agiririk gabeak izanik, ez dute salatzeko aukerarik. Are bortitzagoa da emakume langileen egoera. Karabanari bukaera emateko egin genuen mahai inguruan jaso genituen testigantzen arabera, besteak beste ez dira asetzen emakume langileen osasun behar espezifikoak eta haurdun geratuez gero lanpostua galtzen dute.