Martxoaren 8rako kartel lehiaketa martxan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 9a, 19:00
12 eta 17 urte arteko gaztetxoek hartu ahal izango dute parte. Lanak aurkezteko epea otsailaren 20tik martxoaren 3ra izango da eta herrian egun honen harira antolatzen diren ekintzak iragartzeko balioko du

Martxoaren 8ko egitaraua iragartzeko kartel lehiaketa abiatu du udalak. 12 eta 17 urte bitarteko edonork parte hartu ahalko du honetan. Lehiaketan aurkezteko baldintzei dagokionez, kartel proposamenak jatorrizkoak izango dira eta beste lehiaketatan saritu gabeak.Baldin eta kartel guztia edo haren zati bat osatzen duten irudien jabetza intelektuala egilearen esku ez badago, kartela ezingo da aurkeztu.

Kartel guztiek “Martxoak 8 de Marzo, Emakumeen Nazioarteko Eguna, Día Internacional de las Mujeres” goiburua eraman beharko dute baina kartela lantzeko teknika librea da.

Kartelak formatu digitalean nahiz formatu fisikoan aurkeztu ahalko dira eta izenburu batekin identifikatu beharko dira. Kartelak ez dira egilearen izenarekin identifikatuak egongo.

Horrela izanda, kartela formatu digitalean aurkezten bada: .jpg formatua, 50x70 zm-ko tamaina eta 300 pixel hazbeteko izan beharko ditu.Artxiboaren izena obraren izenburutzat joko da. Lanak emakumezentroa@gmail.com –era bidaliko da. Mezuan atxikita testuzko dokumentu bat bidaliko da, egilearen datu pertsonalak eta kontaktuekin.

Kartela formatu fisikoan aurkezten bada, kartelak 50x70 cm-ko tamaina izan beharko du. Lanak Emakume zentroan aurkeztuko dira, astelehenetik ostegunera, 9.30tatik 13:30etara eta 15:30tatik 19:30tara eta ostiraletan 9:30tatik 15.30tara. Kartelaren izenburuak haren atzealdean egon beharko du idatzia. Kartelari gutunazal
itxi bat atxikiko zaio, egilearen datu pertsonalak eta harremanetarako jasotzen dituena.

Lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak www.lasarteoriasarean.eus webgunean ikusgai jarriko dira. Webgunean erakusteko, egileek baimena ematen dute lehiaketara honetara aurkeztearekin. Horretaz gain, lan guztiak Antonio Mercero erakusketa-aretoan martxoaren 6tik 8ra erakutsiko dira eta bertan, lanak, bozkatu ahal izango dira.

Kartel irabazlea Lasarte-Oriako Udaleko berdintasun teknikariek eta gizarte zerbitzuetako langileek aukeratuko dute, eta haren erabakia apelaezina izango da.

Irabazleak sari bakarra jasoko du, 150 eurokoa, bigarrenak 120eurokoa eta hirugarrenak 90 eurokoa.

Kartel irabazlearen egileak Udalari kartel hori egoki deritzen modu eta medio guztien bidez eta nahi adina aldiz erreproduzitzeko eskubidea emango dio. 

Modu berean, Lasarte-Oriako udalak ere bere gain hartzen du egileari kartelean aldaketak egiteko eskatzeko eskubidea, betiere lanaren esentzia errespetatuz. Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriak onartzea.