Martin Garitano Ahaldun Nagusiak Lasarte-Oria bisitatu du

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abe. 18a, 22:00
Lasarte-Oriako herritarrek eta eragileek dituzten kezkak, arazoak eta proiektuak gertutik ezagutzeko etorri da gaur gurera Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia. "Herritarrekin herrira" izeneko ekimenaren baitan, egun osoa igardu herrian. Goizean udal ordezkari eta langileekin bilera egin, eguerdian KOOPeratzen egitasmoa gertutik ezagutu eta bazkalostean Aterpea, Islada Ezkutatuak, Banaiz Bagara eta kirol elkarteetako kideekin bildu da Gaztelekua bisitatu aurretik. Herritarrek ere Garitanorekin hitz egiteko aukera izan dute iluntzean Udalbatzarrean egindako bilera irekian.

Goizeko 11:00etan iritsi da Martin Garitano. Pablo Barrio alkateak harrera egin dio Udaletxe atarian eta segidan, udal ordezkari eta langileekin hitz egin du. Handik KOOPeratzen trebakuntza zentrora joan da 17 enpresa kooperatibo sortzeko formakuntza ikastaroa nola osatu duten ezagutzera.
Arratsaldean, Aterpea Merkatarien Elkartearekin bildu zdira foru ordezkariak eta krisiak, merkataritza-gune handiek eta kontsumo ohituren aldaketek merkatari txikiei sortu dizkien kezkak entzun ditu Garitanok. 
Islada Ezkutatuak taldeak herrian memoria historikoa berreskuratzeko egin duen lana erakutsi zion Ahaldun Nagusiari eta kirol elkarteetako kideek euren kezkak helarazi dizkiote.

Migranteen Eguna
Gaurkoa Migranteen eta euren familien Nazioarteko eguna izanik, Martin Garitanok 70 nazionalitate dituen Lasarte-Oria erreferentzia dela aitortu du: “Lasarte-Oriaren kasua eredugarria da. Kultura ezberdineko jendearen artean zubiak eraikitzen ari dira eta jakina, Aldunditik ekarpenak egiten jarraituko dugu orain arte bezala”, adierazi du. 
“Euskal Herrian bizi garen guztiok euskal herritarrak gara, gure sorlekua edozein dela ere”, esanez jarraitu du eta azkenaldian entzuten diren iruzur eta delituekin lotutako “diskurtso arrazista arriskutsuekin” amaitu beharra dagoela azpimarratu dute Barriok eta Garitanok Banaiz Bagarakoekin bildu aurretik.
Bestalde, langabezia ere izan dute hizpide. “Garbi daukagu, arlo sozioekonomikoa da herritarrak gehien kezkatzen dituena. Aterpea eta KOOPeratzenera eginiko bisitak zentzu horretan burututakoak dira. Egoera ekonomikoak guztioi eragiten digu, eta ez du zentzu handiegirik norbera bere kabuz ar-itzeak, sinergia eta laguntza garaiak dira”, adierazi dute.
Zentzu horretan, etorkizunerako urratsak “eskualde mailan” eman behar direla esan du Barriok: “Horretan gabiltza, ea Garapen Agentziak aurrera egiterik duen bizi dugun egoera zaila iraultzeko”. 

Ilunabarrean egindako bilera irekian bisita honekin beste Lasarte-Oria bat deskubritu duela adierazi du Garitanok, "dinamikoa eta bizia". Amaieran herritarrek hitza hartu eta euren kezkak eta galderak helarazi dizkiote Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari.