Marka bat bestearen atzetik txikitu ditu Nahia Zudairek Espainiako Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 26a, 19:53
Espainiako lau errekor berri ezarri ditu, eta Europako Txapelketa jokatzeko sailkatu da hiru probatan

Nahia Zudaire Buruntzaldea IKTko igerilariak ez du aukerarik utzi. Erabat nagusi izan da Castellon jokatu den Espainiako Igeriketa Egokituko Txapelketan. S8 kategorian lehiatu du, baina ikusi da aurkaririk ez duela. Lau marka berri ezartzeaz gainera, Europako Txapelketarako hiru txartel eskuratu ditu. Abuztuaren erdialdean jokatuko du Dublinen txapelketa hori. 

Begiz jota zituen Buruntzaldea IKTk Europan lehiatzeko gutxiengo markak. Baina aurreikuspenak gainditu ditu igerilari gazteak. 100 metro librean 1:14,99 denbora egin, eta hiru segundoan jaitsi du langa. 400 metro librean are handiagoa izan danagusitasuna (5:36,39). Gutxieneko marka baino hamabi segundo gutxiago behar izan ditu. 50 librean ere lortu zuen Europan lehiatzeko eskubidea (35,73). 

Baina hori bakarrik ez. 100 metro tximeletan ere Espainiako marka berria ezarri du (1:27,55), aurreko hiru probatan bezalaxe. Horrez gain, lau estiloetako 200 metroko proban ere irabazi du lasarteoriatarrak. Denetan ondu ditu marka pertsonalak. 

Gainera, lehen hamarren artean sailkatu da kategoria guztiak kontutan hartzen dituen sailkapen ia guztietan. Horrela, 9. izan da 100 metro librean; 400 librean 4.; 50 metro librean 15.; 100 tximeletan 8.; eta 200 metro lau estiloetan 11. Euskal Selekzioa seigarren izan da taldeka.