Mailari eutsi dio Intzak, Tolosari 22-13 irabazita

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 7a, 12:24
Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak beste urte batez jokatuko dute Lehenengo Mailan, promozioko partidan Aurrera-Tolosa garaitu eta gero.

Denboraldi osoa partida bakarrean, etxez kanpo. Irabaziz gero, Lehen Mailan beste urte betez jokatzeko txartela. Galduz gero, Bigarren Mailako zulora. Aurrera-Tolosa eta Intza KE egoera berean aurkeztu ziren joan den larunbateko partidara, biak amildegiaren ertzean. Urduritasunak eragin du bi bikoteen jokoan, eta ez da partida ikusgarria izan. Baina hasiera txarra iraulita, 13-22 gailendu dira lasarteoriatarrak. Azken unean bada ere, etxeko lanak bete dituzte Jon Pello Artetxek eta Mikel Elola pilotariek, eta gainerako denboraldia "presiorik gabe eta gozatuz" jokatu ahalko dute, bikotearen hitzetan. 
Bigarren urtea dute Artetxek eta Elolak Lehenengo Mailan, eta eskarmentu hori baliatuta txukundu ahal izan dute partida. 10-8 galtzen joan dira partidaren lehen zatian, baina burua lasaitu dute gero. Orduan hasi dira huts  egiten tolosarrak. Elolak atzean ongi agindu du, eta Artetxek seguru jokatu du, bukaera arte gehiegi arriskatu gabe. Lasarteoriatarrak markagailuan urrundu ahala, Tolosako aurrelaria hasi da arriskatzen, baina ez du asmatu min egiten. 


Txanponaren bi aldeak
Partidaren garrantziaren adierazgarri, Beotibar frontoian bete da, baina Intzako pilotariak ez dira bakarrik egon; Lasarte-Oriatik dozena bat zale joan dira herrikideak animatzera. 
Lehengo Mailako bi urteetan txanponaren bi aldeak ezagutu dituzte Intzako pilotariek. Iaz sailkapeneko lehen postuetan ibili ziren, eta hurrengo mailara igotzeko lehian sartu ziren. Aurten kontrakoa izan da egoera. Elolaren lesio bat tarteko, bi partida bakarrik irabazi dituzte,  Tolosan eta Oiartzunen (Astigarragako jokalariak ez ziren aurkeztu). 
Bestalde, Intza KEko Hirugarren Mailako taldeak geldiezin jarraitzen du. Zazpi partidatik zazpi irabazi dituzte, eta ligaxka bukatzeko hiru partida besterik ez zaizkie falta. Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa jokatzekoak dira urtearen amaieran. 


Arteaga II.a, ostiralean 
Profesionaletan, berriz, Axier Arteagak ostiralean jokatuko du partida garrantzitsua, Albisurekin batera. Ataungo frontoian jokatuko dute Artola-Larunbe bikotearen aurka. 
Udan geldirik egon behar izan du lasarteoriatarrak, baina erritmoa hartua du dagoeneko. Joan den igandean Logroñon jokatu zuen, Salaverrirekin batera. 17-18 irabazi zioten Dario eta Merino bikoteari.