Luz Ardidenera eski irteera antolatu du Ttakunek, otsailaren 22an

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 22a, 19:37
Kuadrillategiko zein DBH 1-4 maila arteko gazteek aukera izango dute otsailean eskiaz gozatzeko. Luz Ardidenera irteera antolatu du Ttakunek otsailaren 22an. Goizeko 05:45ean irtengo dira Hipodromo zubiaren ondotik eta egun bereko 20:00etan itzuliko dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, Kuadrillategiko partaideek lehentasuna dute plazak hartzerako orduan. Urtarrilaren 30a izango da izena emateko azken eguna (aste honetan KTGkoek soilik eman dezakete izena, datorren astean DBHko ikasle guztiengana zabalduko da).

Prezioan garraioa, materialaren alokairua, segurua eta forfaita sartzen dira. Ordaindu beharreko kopurua gazteek eskatzen dutenaren araberakoa izango da. Autobusa, forfaita eta materiala eskatuz gero 65 euro ordaindu beharko dituzte Ttakuneko bazkide direnek eta 70 ez direnek. Autobusa eta forfaita 52 edo 57, autobusa eta materiala 35 eta 39 eta autobusa soilik 23 edo 27. Ordainketa 2095-5048-18-1061552351 kontu korrontean egin beharko da gaztearen izen-abizenekin batera. Era berean, gazteek materiala behar izanez gero, eski edo snowboard materiala behar duten zehaztu beharko dute.

Behin ordainketa eginda, izen-emate orriarekin batera (guraso batek sinatua, Ttakunen bertan hartu daiteke) ordainagiria ere eraman beharko da, gazte eta gurasoen NAN fotokopiarekin batera.

Irteera egunean honakoa eraman beharko dute gazteek: elurretan aritzeko arropa egokia (eguzkitako betaurrekoak, eskularruak, krema...); aldatzeko arropa; janaria (hamaiketakoa, bazkaria eta merienda) eta Osasun txartel europearra. Edozein zalantza izanez gero, 943 37 14 48 zenbakira deitzeko edo eskolakirola@ttakun.com (Iñaki) helbidera idazteko aukera eman dute antolatzaileek.