Udaberriko zelai loredun eta koloretsuen antzera esnatuko da bihar, Okendo plaza; lore eta landareen V. azokak hartuko baitu Lasarte-Oriako enparantza.
Goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak aipatu azokak eta eguerdiko 14:30ak bitarte izango da lore eta landareak ikusi, usaindu eta erosteko aukera ederra.
Ekimen horren berri eman zuten atzo eguerdian, Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballosek, Dioni Avila merkataritzako teknikoak, Nuria Fernandez Sozioekonomia batzordeko zinegotziak, eta Ainhoa Amundarain Behemendi Landa Garapenerako Elkarteko ordezkariak.
Alkateak azaldu moduan, aurtengoan 14 erakusmahai izango dira dira azokan.
Horietan guztietan, mota askotariko lore eta landareak izango direla gaineratu nahi izan zuen Behemendi Elkarteko ordezkari Ainhoa Amundarinek; "kapo zein barruko lore eta landareak, haziak, sukaldaritzarako eta kosmetikarako belarrak, eta beste hainbat lore eta landarek atonduko dute Okendo plaza.
Haurrentzako tailerrak
Etxeko haur eta gazteenek ere izango dute azokaz gozatzeko aukera bat baino gehiago. Antolatzaileek jakitera eman duten moduan, haurrentzako tailerrak izango dira azokan, horrela. landareez eta loreez zertxobait gehiago ikasi ahal izango dute gerturatzen direnek.
Tailer horien egitarauari dagokionean, goizeko 11:00etatik 12:00etara izango da lehena.
Horretan, lore prentsatuekin eskulanak egiteko tarte ederra izango da.
Bigarren tailerra berriz, lehena amaitutakoan hasiko da, 12:00etan eta honek ere ordubeteko iraupena izango du. Honetan, landaketaz ikasi ahal izango dute gaztetxoek.
Tailer hauekin batera, azokak iraun bitartean jolasak ere izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Agerraldiaren amaieran herritarrak animatu nahi izan zituzten biharko azokara hurbildu eta gozatzera.