Lore eta landare azoka koloretsua

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 28a, 15:00
Lore, landare eta zuhaixkak izan dira nagusi Udalak Behemendirekin batera antolatutako hirugarren lore eta landare azokan Okendon. Euria egin arren, batez ere, eguerdian asko izan dira plazara gerturatu diren herritarrak.

Aurtengo Lore eta Landare azokan, hamahiru postu jarri dira eta hauetan landare aromatikoak, zuhaixkak, kaktusak, bonsaiak, barnerako eta kanporako landare eskaintzaz gain, hazi ekologikoak, lore eta landareak erabiliz egiten diren xaboi naturalak, lore prentsatuekin egindako koadroak edo loreekin egindako ile-apaingarriak ere izan dira.

Txikiek plaza erdian jarritako jokoekin aritzeko aukera izan dute eta horretaz gain, landare tailerrean euren letxuga landatu ahal izan dute. Azalpenak adi-adi jarraituz, bakoitzak bere loreontzia apaindu du pegatina koloretsuekin, lurrarekin bete eta letxuga landare txikia jarri.

Udaberriko loreen kolore biziek Okendo dotoretu dute larunbat goiz hodeitsuan.