LOKEko gimnastak, hirugarren Gipuzkoako Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 22a, 13:57
Euskadiko Txapelketarako sailkatu dira lasarteoriatarrak. Norbanakoetan ere podiumera igo dira seniorrak

Ikasturte honetan kode berria ezarri dute gimnasia artistikoan, eta arau berrietara moldatzeak denbora eskatzen du. Baina emaitzak ikusita, badirudi LOKEko gimnastak hartu dutela erritmoa. Gipuzkoako Txapelketan Senior A taldeak brontzezko domina eskuratu du, bigarrenekin puntuetara berdinduta. Bestalde, norbanakoetan beste hainbat kategoriatan ere igo dira podiumera.

Maite Rueda entrenatzailea oso "pozik" agertu da. "Ez genuen oso ongi hasi ikasturtea, baina lana eta konstantziari esker lortu dugu". Euskadiko txapelketan izango dira igandean, Durangon. 

Horrez gain, norbanakoetan podiumera igo dira Garazi Gomez eta Aizpea Arroyo. Lehenak bigarren egin du pilotan, eta bigarrenak, berriz, hirugarren. Sailkapen orokorrean ere postu horretan geratu da. Bestalde, Alazne Gonzalezek zortzigarren egin du.

Azkenik, LOKE-Santa Teresako kadeteek bosgarren egin dute, eta Oriartekoek zazpigarren.