Literatur Lehiaketak baditu saridunak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 22a, 20:46
Literatur Lehiaketako sari banaketa larunbatean egin zuten Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan. Musika eskolako kideek poesia irabazleak errezitatu zituzten, gitarra klasikoaren laguntzaz. Bestalde, 29 urte hauetan parte hartu duten epaimahaiko kide izandako guztiak omendu dituzte.

Aurten ere arrakastatsua izan da Lasarte-Oriako Literatur Lehiaketa. Batez ere, haur eta gazteen sailari dagokionez, lehengo urtean baino 50 idazlan gehiago aurkeztu baitira.
Helduak

Euskarazko mikrokontakizunen A kategorian –1985 eta 1999 artean jaiotakoak– Amaia Iturriotz Urretxuarra izan da garaile, "Armiarma hilerria" obrari esker.

B kategoriari dagokionez  –30 urtetik gorakoak–, Aitzpea Iribar getariarrak eta Idoia Garzes lasartearrak irabazi dituzte sariak. “Memoria” eta “Notak airean” idazlanak izan dira epaimahaiaren ustez onenak.
“Biluztutako hiriaren Fantasia” idazlanarekin Gotzon Koldo Plaza bilbotarrak lortu du euskarazko poesia saria.

Alejandro Porras granadarraren “La Descarga” eta Jone Vazquez lasartearraren  “¿Qué hay en la calle?” ipuinak izan dira onenak gaztelaniazko A kategoriako mikrokontakizunen artean. B sailean Sergio Martinezen “Palabras sin decir” lanak eraman du saria. Lasarteoriatarrik ez da egon atal honetan.

Poesia sariduna Bienvenida Garcia izan da “Colores de emociones” idazlanari esker. Emozioari ezin eutsiz, saria literatura maitatzea irakatsi ziotenei eskaini nahi izan zien .

Haur eta gazteak

A kategorian –2006 edo beranduago jaiotakoak– 1. saria Nikola Iraolak irabazi du "Aske Herria" ipuinarekin. Zuhaitz Garciaren "Igel Hegalaria"-k eta Saioa Elolaren "Planeta ordenatzen"-ek osatu dute sailkapena.

2003 eta 2005 artean jaio direnek 169 ipuin aurkeztu dituzte. Tasio Illarramendiren “Larri” lanak irabazi du. Ane Alberdi bigarren izan da “Altxor galduaren bila” ipuinari esker eta  Sara Segurado ren “Papyrus Koadernoa desagertua”-k eskuratu du hirugarren postua.

C kategoriari dagokionez, aurkeztutako 14 lanen artean Naroa Saizar izan da onena, bere “Errealitate? Ez eskerrik asko” saritu baitute epaimahaiko kideek. Olatz Bardaji eta Irati Urriza izan dira bigarren eta hirugarren, “Nire lagun Felipe” eta “Sorginkerien ahalmenak” idazlanekin.

Haur eta gazteen poesia sariaren irabazleak honakoak izan dira: Nahia Rozas “Maitasunaren gatibua” idazlanarekin eta Iris Aguirre Sanchez “La lluvia sonaba en el húmedo jardín” poemarekin.

Gaztelaniazko A kategorian Ane Garcia izan da garaile. Bigarren eta hirugarren, aldiz, Maddi Fernandez eta Saioa Elola izan dira hurrenez, hurren. 10 eta 12 urte artekoen saria Julene Iraolak eraman du, eta Enara Elvirak eta Dune Iriartek osatu dute podiuma. C kategorian, azkenik, Iris Aguirre, Itsaso Ariztimuño eta Nagore Irurieta izan dira saridunak.

Musika eta errezitaldiak

Poema irabazleak sari banaketa ekitaldian errezitatu dituzte. Horretarako Udal Musika Eskolaren laguntza izan dute. Noemi Fernandezek irakurri ditu, eta Ivan Moreno ikasleak gitarra klasikoarekin lagundu.

Omenduentzako tartea

Ekitaldia hasi aurretik, kultura zinegotzi Maite Iglesiasek urteetan epaimahaiean lanean aritu direnak eskertu nahi izan ditu. Bereziki, aurten epaile izateari utzi behar izan duen Carmen Perez, eta 2012an zendu zen Iñaki Beti.  Lehenak eta bigarrenaren emazteak lore sorta eta oroigarria jaso zuten Literatur Lehiaketaren izenean.

30. edizioa, gertu


Lasarte-Oriako Literatur Lehiaketa urteetan aurrera ari da egiten. Helduen kategorian 29. edizioa izan da aurtengoa, eta haur eta gazteena soilik urtebete gazteagoa da.

Aurtengo datuak eskainiz eman zion amaiera ekitaldiari alkate Jesus Maria Zaballosek. 518 idazlan haur eta gazteen kategorian, 203 mikrokontakizun eta helduen 49 lan. Azaldu duenez “harro” egoteko arrazoiak dira, eta herritar guztiak gonbidatu zituen 2016ko Literatur Lehiaketan parte hartzera.

Gloria Fuertesen poesia bat errezitatu zuen alkateak berak, azkenik.