Lasarte-Oriako Udalak ‘Zer egin dezaket nik euskararen alde?’ erakunde-adierazpenarekin bat egiten du

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abe. 3a, 10:00
Gaur Euskararen Nazioarteko eguna dugu. Hori dela eta, Lasarte-Oriako Udalak ‘Zer egin dezaket nik euskararen alde?’ erakunde-adierazpenarekin bat egiten du.

Gaur Euskararen Nazioarteko eguna dugu. Hori dela eta, Lasarte-Oriako Udalak ‘Zer egin dezaket nik euskararen alde?’ erakunde-adierazpenarekin bat egiten du.

Testu honetan euskaldunok abenduaren hirua pozik bizitzeko eguna dela azpimarratzen du.

“Duela berrogei urte arte gizartean gainbehera zihoan euskara hazkunde nabarian jarri dugu. Batik bat belaunaldi zaharrenen hizkuntza izatetik, belaunaldiarteko hizkuntza eta, batez ere, gazteen hizkuntza izatera pasatu da. Ingurune jakin batzuetara mugatuta egotetik sekula bereak izan ez dituen esparru sozialetan ere nor izatera. Europako hizkuntza zaharrena izatetik, hizkuntza modernoa eta gaur egungo gizartera egokitua izatera,” adierazten du.

Urte hauetan guztietan euskararen alde lan egin duten pertsona, erakunde edo talde guztiak nabarmentzen ditu, “Euskara bizitzen ari den zabalkundea gizarte osoaren nahi eta ahaleginari esker gertatu da. Norbanako askoren eta kolektibo askoren ekimenari esker. Jende askoren eskuzabaltasunari esker. Gizarte osoak proiektu kolektibo gisa bereganatu izanari esker. Konpromiso publiko eta pribatuari esker. Gizartearen adostasunari esker”.

Hizkuntzak gizarte kohesioan izan duen garrantzia ere aipatzen du, “hizkuntza-elkarbizitza gizarte-elkarbizitzaren osagai egin dugu, gizarte-kohesioaren funtsezko elementu. Hizkuntzen berdintasuna eta norbanakoaren hizkuntza-hautua herritar guztion aukera-berdintasunaren oinarrian jarri ditugu”.

Baina indarberritzeko eguna ere dela azpimarratzen, “izan ere, gaur egun, oraindik, bi hizkuntza ofizialen berdintasun sozialetik urrun gaude. Euskarak eta gaztelaniak, erabilerari dagokionez, legezko aitortza berdina dute, baina gizartean egoera desberdina bizi dute”.

Horregatik, urratsak ematen jarraitu behar dela dio adierazpenak. “Bi hizkuntza ditugu ofizialak Euskal Autonomia Erkidegoan. Baina helburu izaten jarraitzen du, gizartean oro har, hizkuntzen arteko berdintasun sozialera iristeak. Hizkuntza-aniztasunaz harro gaudelako eta euskararekin munduko hizkuntza aniztasunari egiten diogun ekarpenaz ere harro gaudelako. Hizkuntza-aniztasunak gure gizartea aberasten duelako, euskarak hizkuntza-aniztasuna aberasten duelako eta, beraz, gutako bakoitza aberasten gaituelako. Euskara, Etxeparek esan bezala, plazan nahi dugu, indartsu eta sendo nahi dugu bere lurralde guztietan”.

Hau guztiaren helburu ilusionagarria “euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea” da. Eta horretarako, guztion gogoa eta ahalegina eskatzen da, “denoi dei egiten digun helburua” baita, “norbanakoei eta kolektiboei, herri aginteei, alderdi politikoei, langileen sindikatuei, enpresari-elkarteei, kirol, aisialdi nahiz kultur arloko elkarteei, gizartearen arlo desberdinetako erakundeei, eta abarri. Gustuko dugun helburua da, gustura hartzen dugun konpromisoa”.

Horregatik, herri aginteek eta askotariko gizarte-eragileek elkar hartuta ospatu nahi izan dute aurten Euskararen Eguna. Testuan adierazten den moduan, “euskara eta hizkuntza-elkarbizitza sendotzeko konpromiso bat hartu nahi izan dugu, nork bere neurrikoa, nork bere ahalaren araberakoa. Horretarako, gure buruari galdera bat zuzendu diogu: “Zer egin dezaket nik euskararen alde?”. Adierazpen honen sinatzaileok galdera horri erantzun propioa eman nahi diogu, gure esparruan euskara modu edo neurri batean zein bestean indartzeko erantzun bat”.

Era berean, herritar guztiak eta gizarte-eragile guztiak gonbidatu nahi dituzte galdera hori bera egitera eta nork bere neurriko erantzuna hausnartzera, “guztion ekarpenak baitira baliagarri eta onuragarri euskararen biziberritzerako eta guztion arteko elkarbizitza sendotzeko”.

Azkenik, Euskararen Nazioarteko Eguna “pozik eta harro” ospatzeko gonbit egin dute, “bizi dezagun aurrera begira euskara, gure artean eta egunerokoan, hizkuntza bizia eginez, “Zer egin dezaket nik euskararen alde?” galderari erantzunez eta galdera bera euskal gizarte osoan zabalduz”.