Lasarte-Oriako, Hernaniko eta Urnietako alkateen oroimenak, 'Memoriaren Plazan'

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 7a, 20:02
Lasarte-Oriako Jesus Zaballos, Hernaniko Luis Intxauspe eta Urnietako Mikel Pagola alkateek, memoria pertsonaletik abiatuta, bizitakoak ekarri zituzten gogora eta jendaurrera atzo arratsaldean

Urnietako Mikel Pagola izan zen hitza hartu zuen lehen alkatea, eta ikus-entzuleak agurtu ostean, bere memoria kontatzeari ekin zion. Horrela, atzera begirada bat bota eta bi pasadizo ekarri zituen argitara. Lehena, gerra garaiko uneak azaleratu zituen eta horretarako, amonak, beste gipuzkoar askorekin batera, Irungo Santiago zubia gurutzatu behar izan zueneko uneak kontatu zituen, baita aitonaren gerrako parte-hartze aktibokoak ere.

Senideek garai haietan bizitako nola gordetzen zuten oso presente du Pagolak; "amonari bizipen haietan bi hitz ateratzea zaila bazen, aitonak ez zuen hitzik esaten gai horren inguruan", gaineratu zuen. Aitonari garaiko bizipen horien inguruan asko galdetzen ziola azaldu zuen Urniertako alkateak, baina aitonak bi gauza erantzun zizkion ilobari; lehena, gaiaren inguruko azken galdera izan zedila eskatu zion Pagolari, eta bigarrenik, berriz, beraiek bizi izandako gerra ez bizi behar izatea opa egin zion ilobari.

Bigarrengo kontakizunean, bahitua izan zen lagun baten memoriak eman zituen ezagutzera. Honen inguruan, zera adierazi nahi izan zuen Pagolak, gertaera hartatik denbora igaro bada ere, orain gutxira arte ez dela gai izan gaiari heldu eta biktimarekin hitz egiteko. Orain dela ez asko pausua eman zutela ere nabarmendu zuen gero.

Bere hizketaldia amaitu baino lehen, horrelako gaien inguruan, orain, geroz eta gehiago hitz egiten bada ere, orduan,  "zailtasunak" zeudela argi utzi nahi izan zuen.

Lehen hizlariaren ostean, Hernaniko Luis Intxauspek hartu zuen hitza, eta aurrekoaren antzera, hiru memoria ekarri zituen jendaurrera.

Urnietako alkatearen modu antzekoan eman zion hasiera bere hitzaldiari; aitona-amonak ekarri zituen Itxauspek ere gogora. Horrela, aitona bat gerran hiltzearen ondorioz ez zuela ezagutu jakinarazi zuen. Honen inguruan amonari galdetzen zion bakoitzean, amonak, negarrez, aitona gerrara joan zela eta handik ez zela inoiz bueltatu besterik ez ziela kontatzen azaldu zuen Hernaniko alkateak; "aitona gerrara joan eta bertatik ez zela bueltatu baino ez genekien". "Gai tabua ze eta gaur egun ere, senideek, nahiago dute gaiaren inguruan ez hitz egin".

Txikia zeneko bigarren memoria bat ekarri zuen gero Intxauspek; polizia operazio batean atxilotutako osabaren memoria azaldu zuen, hain zuzen. Zazpi urtez Castelloneko ziegan preso egon zen senidea eta horren berri eman nahi izan zuen bertan bildutakoei; "osaba Castellonera bisitatzera joateko aukera zenean, izeba bisitara joaten zen eta lehengusuak gure etxean edo beste izeba-osaba baten etxean geratzen ziren".

Hirugarren kontakizuna, berriz, inoiz publiko aurrean kontatu gabeko memoria bat izan zen.  AEK euskaltegian irakasle zeneko garaiko bizipenak ezagutarazi zituen. "Gaueko 12:00ak 01:00ak aldera amaitzen genituen laneko irakasleen bilera, eta behin, etxera nindoala (Hernanitik 2 kilometrotara dagoen baserri batean bizi da, Intxauspe), gure bizilagunen oroimenez jarritako monolitoaren paretik igaro nintzela, kotxe bat agertu eta bertatik pistola zeramaten bi gizon atera ziren. Nora nindoan galdetu zidatenean, etxera nindoala erantzun nien, baina gizonek monolitoaren inguruan zerbait egiten ez ote ari nintzen galdetu zidaten behin eta berriz. Ez hori bakarrik, ETAkoa ote nintzen ere behin eta berriz galdetu zidaten. Etxera iritsi nintzenean larritu nintzen, jende gaztea desagertzen zen garaia baitzen".

Hirugarren eta azken hizlaria Lasarte-Oriako Jesus Zaballos alkatea izan zen. Hitza hartu eta lehenengo gauza, Memoriaren Plazan parte hartzen duten biktima guztiei errekonozimendu bat egin nahi izan zien Zaballosek, eta jarraian, atzoko mahai-ingururako ekarritako hiru memorietan hitz egin zien ikus-entzuleei. Lehenengoarekin, 1997. urtera egin zuen atzera eta Miguel Angel Blanco bahitu eta Lasarte-Orian hil zuteneko uneak ekarri zituen gogora. 

Bigarren memorian, Froilan Elesperen hilketaz egin zuen gogoeta. Froilan, Lasarte-Orian,  "oso pertsona ezaguna" zela azaldu zuen Zaballosek, eta gogoan du zer nolako eragina izan zuen hilketa hark herrian; "gogoratzen dut Froilanen heriotza salatzeko egin zen manifestazioan kale nagusia zeharkatzen ari ginela, bertako bi tabernatan (egun horietako bakarrak jarraitzen du martxan) zegoen jendeak nola begiratzen zien manifestazioan zihoazenei, eta baita manifestaziokoek taberna kanpoan zirenei esan zizkienak ere".

Eta hirugarrenik, Madrilgo Barajas aireportuko T4ko atentatua ekarri nahi izan zuen gogora. Orduan, Lasarte-Oriako PSE-EE-ko zerrendan laugarren hautagaia zela publiko egina zen. "Une horretan konturatu nintzen ETAren jomuga izan nintekeela". Legebiltzarreko lehen lehendakari ordea zen Miguel Buenen aholkulari zen orduan Zaballos, eta trenean joaten zen lanera. "Inkontzienteki lanera joateko ibilbideak aldatzen hasi nintzen, baita trena hartzeko orduak ere. Zebrabide batera iritsi eta ingurura begiratzen nuen semaforoa berdea jartzeko nirekin batera zain nor zegoen ikusteko".

Honekin batera, bizkartzainarekin batera igarotako urteak ere ekarri zituen gogora Lasarte-Oriako alkateak, eta bizkartzaina izan zuten guztien senideei ere aitortza egin zien. 

Bertan bildutako ikus-entzuleen txalo zaparradak jaso zituzten hiru herrietako alkateek. Emozio une bat baino gehiago ere bizi izan ziren atzoko agerraldian.