Lasarte-Oriako EH Bilduk kezka azaldu du bidegorri sarearen inguruan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abe. 1a, 17:30
EHBilduko ordezkariek Bidegorrien egoeraren inguruan agerraldia egin zuten atzo. Donostiarekin lortura Aldundiak bukatu duela eta pozik agertu ziren baina oraindik eskualdeko herriekin loturak eta herri barneko hainbat bide egiteke daudela gogoratu zuten.

Pablo Barriok aipatu zuenez,gaizki ulertutako garapen ekonomikoaren ondorioz, Lasarte-Oria, oinezko eta bizikleta erabiltzaileontzat, isolatuta geratu zen inguruko hiri eta herriguneekiko. Ez zegoen modu seguru eta ingurumenarekiko arduratsu eta jasangarri herritik ateratzeko. Nahi edo ez, ibilgailu motorizatua erabili behar zen”. 

Hala ere, egun hauetan, gai honekin lotuta, bi albiste izan direla aipatu zuen, “bat ona, eta bestea kezkagarria”.

Albiste ontzat jo zuten Luzuriaga eta Lasarte-Oria lotzen dituen zatiaren lanen bukaera. Aldundiak 2015. urtearen hasieran hasitako Errekalde – Lasarte-Oria lotzeko lanak Donostiarako bidea irekita geratu da. “Beraz, zirrikitu bat ireki zaio lasarteoriatarron aspaldiko isolamenduari”.

Lotura hau, azaldu zutenez, 2013ko ekainean Aldundiak, aho batez, onartutako Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarean kokatu behar da. Hala ere, honako proiektua garatzeko, aurreko urtean aurreikusitako 6 milioietatik 2 milioietara pasa da eta “hau da albiste kezkagarria”.

Murrizketa honek ondorioak izango ditu EHBilduko kideen ustez, “Buruntzaldea eskualdeko artikulazioari dagokionez, motorrik gabeko mugikortasunaren ikuspegitik herri isolatua jarraitzen du izaten Lasarte-Oria: Usurbilera oinez edo bizikletaz joan nahi izanez gero, Txikierdiko derrigorrezko lotura guztiz arriskutsuarekin topatuko gara; Errekaldetik Galarreta eta Hernanirako lotura marra bat planoan baino ez da, oraindik pendiente dagoen Errekaldeko igogailuaren koxka ahaztu gabe; Andoainerako kasuan, Donostialdeko Lurralde Zatikako Planak A-1 errepidetik  aurreikusten duen bidegorriak aukera berriak irekiko zituen. Lotura hauekin, ez bakarrik Lasarte-Oriak, Buruntzaldeko eskualde osoak irabaziko zuen”.

Bestalde, Bizikleta Bideen Planak bi ardatz nagusi aurreikusten ditu; batetik, Donostia-Usurbil-Mutriku lotzen dituena, kostako bidetik barrena; eta bestetik, Donostia-Andoain-Beasain, Urumea bailaratik barrena. Bi ardatz hauen arteko lotura soil-soilik Lasarte-Oriatik eta Plazaolako bidegorritik izango zirelarik, “hauek ere gelditzeko arriskuan ikusten ditugu”.

Herri barnekoan ere gauza asko daude egiteke Barrioren esanetan.

Oria ibaiaren Erribera. Oriako zonalde residentzialetik Zumaburu kalerainoko irisgarritasuna hobetuz, batetik; eta Erribera kalean ematen etendurari irtenbidea emanez, bestetik. Zabaletaberri, Irubide biribilgunea, Goiegi urbanizazioa eta Zabaleta aldapako biribilgunearen lotura Tajamar biribilgunearekin. Eta azkenik, Atsobakar, EuskoTreneko Geltokia eta Hipodromoko Etorbidea. Orain bukatu berri den loturarekin osatuta geratzen dena.

Arrazoi hauek guztiak kontutan hartuz, EH Bilduko Udal Taldeak bi eskakizun egingo ditu abenduaren 13ko Udal batzarrean: Batetik, herri barneko mugikortasun jasangarriaren arloan dauden hutsuneak gainditze aldera, Lasarte-Oriako Udalari herriko bidegorrien sarea osatuko duen proiektua egitea. Eta bestetik, herri arteko mugikortasun jasangarriari dagokionez, Lasarte-Oriak dituen hutsuneak gainditu eta Buruntzaldea eskualdea artikulatze aldera, Aldundiari Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarean aurreikusten diren inguruko herriekiko bidegorrien loturen proiektuak egitea eta gauzatzea. “Kasu bietan, prozesu parte-hartzaileak eginda eta jendearen iritzia entzun ondoren”.