Lasarte-Oriako 119 familiak 7.397 kilo janari jaso dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 11a, 11:18
Kalteberatasun egoeran dauden familiei zuzendutako 2017ko lehen janari banaketa egin dute herriko Udalak eta Gurutze Gorriak elkarlanean, eta guztira, 7.397 kilo janari banatu dituzte 323 pertsonen artean

Kalteberatasun egoeran dauden Lasarte-Oriako 323 pertsonek osatutako 119 familiak 7397 kilo janari jaso dituzte, herriko Udalak eta Gurutze Gorriak elkarlanean egindako urteko lehen janari banaketan. Pertsona beharstuei laguntzeko Europako Funtsarekin kudeatu dituzte elikagaiak.

Bi adin tarteko pertsonek jaso dituzte elikagaiak; batetik, bi urte baino gutxiago dituzten haurrentzako zerealak, esne-hautsa eta haurrentzako potoak eman dizkiete familiei. Adin horretatik gorakoentzat, berriz, oliba-olioa, babarrunak, arroz zuria, atun kontserbak, berdura krema, fruta kontserbak, gailetak, garbantzuak, leka kontserbak, esne osoa eta kontserbako tomate frijitua.

Janari banaketaren onuradun izateko baldintzak

Aurtengo lehen banaketako 119 familiak aldez aurretik gizarte-langileek baloratu zituzten, banaketarako erabilitako bi irizpideak berresteko; lehenik, Udaleko tasen eta prezio publikoen salbuespen eta hobarien zerrendan sartuta egotea; eta bigarrenik, aldeko txosten sozial bat izatea.

Hurrengo janari banaketan onuradun izan nahi duten familiek eskaera egin dezakete Udaleko erregistro orokorrean, eskaera orri orokorra betez.