Lasarte-Oria Lantzen aldizkariaren zenbaki berria aurkeztu du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 20a, 13:48
2016. urtean Udalak aurrera eramandako jarduerak biltzen ditu aurkeztu berri duten aldizkariak. Bihartik aurrera banatuko dute etxez etxe.

Alkate Jesus Zaballosek azaldu duenaren arabera, Lasarte-Oria Lantzen aldizkariak "gardentasunaren erakusgarri" izan nahi du. 2016an Udalak egindako kontratazio eta lizitazio guztiak biltzen ditu, atalka. Etxez etxe 8.000 ale banatuko dituzte bihartik aurrera, eta 4.822 euroko kostua izan du aldizkariaren 12. zenbaki honek.

Aldizkari "aseptikoa" dela nabarmendu du Zaballosek, "inongo kutsu politikorik ez duena". Informazioa "bere horretan" isladatu dute, alkatearen ustez, aurrekontuak eta esleipenak zehaztuz.

Udal sail bakoitzak azken urtean egindako lana eta bultzatutako ekintzek edukitako kostua "mahaigaineratzea" da helburu nagusia, Zaballosek adierazi duenez. Besteak beste, urtean zehar egindako asfaltatze lanak, eta hirigintza eta ingurugiro arloan egindako inbertsioak nabarmendu ditu.

Gardentasunari eskainitako aurreko zenbakia pasa den urteko otsailean argitaratu zuten. Hala ere, hemendik aurrera, aldizkaria sei hilabetero banatzeko asmoa dute, Zaballosek aurreratu duenez. Izan ere, urte osoan egindako ekintza guztiak ale bakarrean biltzean, informazio gehiegi kondentsatzen da, Udal ordezkariaren ustez.