Langabetuak kontratatzeko laguntzak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 27a, 14:00
Langabetuak kontratatzen dituzten bailarako enpresek itzuli beharrik gabeko 205.500 euroko laguntza eskatu dezakete.

Enplegua Sustatzeko toki ekintzetarako Lanbideren laguntza deialdiaren babesean, Buruntzaldea-Beterri bailarako Udalek enplegua sustatzeko asmoz, langabetuak kontratatzeko diru-laguntzak eskaintzen dituzte.

Inguruko enpresei zuzenduriko laguntzak dira eta bailarako langabeak eta lan-eskatzaile moduan Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatutakoak kontratatzea dute helburu.

2016ko aurrekontuan 205.500 euro aurreikusi dira diru-laguntza honetarako. Zenbateko hau Lanbidek finantzatzen du.

Betebeharrak

Enpresek diru-laguntza honen onuradun izateko Lasarte-Oriako Lanbideko bulegoetan lan-eskaintza zehatza aurkeztu beharko dute edota jarduera horretarako Lanbidek gure eskualdean duen entitate kolaboratzaile batean eta Lanbidek proposaturiko hautagaien artetik aukeratu behar dituzte kontratatuko dituzten pertsonak.

Kontratazio hauek 2016ko abuztuaren 22tik aurrera egin behar dira. 

Diruz lagundutako kontratuek 2017ko maiatzaren 31 baino lehen bukatu behar dute, 5 hilabete gorako kontratuak izan ezik. Azken kasu honetan, aipaturiko data baino lehen bete behar dituzte kontratuaren lehendabiziko 5 hilabeteak.

Diruz lagunduko diren kontratu moten banaketa eta eskuaratu ahal den diru-laguntzaren zenbatekoa, deialdia arautzen duten oinarrietan jasotzen da, 2016/06/16ko EHAAn argitaratua.

Berrikuntza gisa, aurtengoan, eskualdeko udalek gauzatutako prestakuntza-ibilbideetan aritutako langabetuak kontratatzeko aukera izango da, hau da, hazilan, hotelgintza, instalazio-elektroteknikoak eta dependentzia ikastaroak egin dituzten pertsonak. 

Eskaeren aurkezpena

Eskaerak aurkezteko epea 2017ko martxoaren  31 artekoa da eta Andoaingo Udalaren Sustapen ekonomiko, enplegu eta Gazteria Saileko bulegoan egin beharko da, La Salle etorbidea 6. Urigain etxea.

Diru-laguntzak 2016ko ekitaldiko udal aurrekontuetan finkatutako kreditu erabilgarria amaitu arte emango dira eta eskaeraren sarrera data eta orduaren lehentasun-hurrenkera jarraituz eskainiko dira, beti ere ongi betea badago.

Argibide gehiago Udalaren webgunean, 943 376 179 zenbakian edo d.avila@lasarte-oria.eus helbidean.