Kulturaz blai uztailean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 3a, 15:40
Sun magoak irekiko du uztaileko kultur agenda Okendo plazan, gaur bertan, 21:00etan. Hori izango da zerrenda luze bateko lehen ekitaldia. Gaur aurkeztu du Lasarte-Oriako Udaleko kultura sailak agenda hori, kultur etxeko hitzaldi aretoan. Horrez gain, Gazteria eta Festak saileko zinegotzi Txus Alonsok Oria eta Basaundi auzoetako jaien programazioaren berri eman du. Ekitaldiz josita dator uztaila, kulturaz blai.

“Adin tarte guztietako herritarrengan pentsatuz osatu dugu hilabete honetako kultur agenda; denen gustukoa izatea espero dugu”, adierazi du Jesus Zaballos alkateak. Kultur eta Hezkuntza zinegotzi Maite Iglesias, Gazteria eta Festak saileko arduradun Txus Alonso eta Juantxi Ugarte eta Xabier Goitia kultur teknikariek ere hartu dute parte eguerdiko prentsaurrekoan.

Egitarau zabala

Antzerkiak, dantza, filmak eta erakusketak. Lau horiek dira uztaileko egitaraueko ardatzak. ‘Kale antzerkia bultzatuz’ egitasmoan murgilduta daude Lasarte-Oriako Udala eta Eusko Jaurlaritza, eta horren harira hiru ikuskizun antolatu dituzte, Maite Iglesiasek zehaztu duenez. Gaur gauean gozatuko dute herritarrek lehenengoaz, Sun magoaren ikuskizun “berritzaile eta liluragarriaz”. 21:00etan hasiko da ekitaldia, Okendo plazan. Hilaren 16an berriz, gaztetxoenentzako berbena moduko bat prestatuko du Eidabe enpresak, ‘Sardina frexkue’ izenekoa. Arratsaldeko zazpietan hasiko da, Okendo plazan. Eta azkenik, Malas Compañias taldeak ‘Txatarra’ antzerkia taularatuko du 17an, 20:00etan. Ekitaldi hori ere Okendon izango da.

‘Lasarte-Oria dantzan’ proiektua ere sortu zuten Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Horren barruan sartzen da uztailaren 10ean Okendon izango den ‘Divenire’ ikuskizuna, hip-hop eta breakdance estiloetako hainbat dantzarik oholtzaratuko dutena. Bien bitartean, Okendo zinema taldearekin elkarlanean, ‘La vida inesperada’ eta ‘Lucia’ pelikulak eskainiko ditu Udalak Okendon. Eguraldi txarra egingo balu, Elizatze plazara eramango dira bi proiekzioak.

Erakusketei dagokienez, Zurmailu zurlanketa taldeak egur-erakusketa prestatu du uztailaren 9tik 19ra bitartean, Antonio Mercero gunean. Astelehenetik ostiralera 19:00etatik 21:00etara zabalduko dute; 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara larunbatean; igandean berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etatik 20:00etara.

Santa Ana

Uztailaren 26an antzeztuko dute herritarrek parodia ospetsua, Okendon 22:00etan. Hori baino astebete lehenago hasiko dira ekintzak, ordea. Santa Anako XXXI. Artisau azoka irekiko dute Okendon, uztailaren 19ko egunean zehar. Sendoki Kultur Elkartearekin elkarlanean antolatu du azoka Udalak.

Guztira 50 bat artisau egongo dira, eta zenbait erakusketa berezi: Zurmailu zurlanketakoek Okendon bertan landuko dute egurra, Biyak Bat elkarteko zenbait kakorratzean ariko dira eta Paco Altuna herritarrak Okendo plazaren maketa bat jarriko du ikusgai. Luis Irizar izango da aurtengo sukaldari omendua.

‘Freskagarriak udal liburutegiak’

Kultur ekitaldiez gain, inguruko beste hainbat udalerritako liburutegirekin (Hernani, Astigarraga, Usurbil, Zarautz eta Andoaingoekin) elkarlanean landutako eskuorri bat aurkeztu du Kultur zinegotziak: ‘Freskagarriak udal liburutegiak’. Adin-tarte guztientzako pertsonentzat gomendagarriak izan daitezkeen liburu eta filmak bildu dituzte bertan.

Basaundi eta Oriako festak

Kulturari lotutako edukien azalpenaren ostean, Gazteria eta Festak saileko arduradun Txus Alonsok hartu du hitza. Hilaren 16an (Orian), 30ean eta 31n (Basaundin) egingo diren hainbat ekintzaren berri eman du. Dena dela, zehaztu du egitarau osoa ez dagoela zehaztuta oraindik, pare bat ekintza dituztelako oraindik lotzeke.

Karmengo Amaren eguna ospatuko da Oria auzoan, 16an. 12:00etan hasiko da Meza Nagusia Karmengo kaperan, 18:00etan sorgin dantza auzoan barrena eta 20:00etan berriz dantza egiteko unea izango da Ibai Berriak-en eskutik, Brunet parkean. Horiek dira egun horretarako antolatu dituzten ekintzetako batzuk.

Hilaren 30 eta 31n berriz, Basaundi bailarako ospakizunak izango dira, San Inazio egunekoak eta bezperakoak. Besteak beste, Zero Settek kontzertua eskainiko du Basaundi plazan uztailaren 31n, 19:30ean.