Kulturak elkar ezagutuz

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 26a, 18:00
Giro ederrean eman zitzaien amaiera atzo Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Burunzpe guraso elkarteak antolatu duen hirugarren Kulturartekotasun asteari. Eguraldia lagun, herritar ugari hurbildu zen tailer eta herriko elkarte eta dantza eskola ezberdinetako emanaldiak ikustera.

Sasoeta ikastetxean Burunzpe guraso elkarteak antolatutako Kulturartekotasun asteak, ikastetxea osatzen duten haur eta gurasoen kulturen arteko elkarbizitza eta adiskidetasuna du helburu. Hirugarren edizio honetan hitzaldi eta ekintza ugari izan dira astean zehar eta larunbateko jaialdiak amaiera paregabea eman zion asteari. Izan ere, kultura ezberdinetako dantza eta musika izan baitziren protagonista nagusiak. 

Goiztiarrek olinpiada berezietan parte hartzeko aukera izan zuten.

Euskal dantza eta sormen dantza eskaini zuten Kukuka antzerki eta dantza eskolako txikienek. Nigeriako doinuak eta nazioartekoak entzun ahal izan ziren bazkal ordua baino lehen.

Arratsaldean, kolorea izan zen nagusi. Boliviako lagunek haien folklorearen zati bat ekarri zuten bertako jantzi eta dantzak erakutsiaz.

Sevillanek eta fandangoek  ere bere tartea izan zuten Semblante Andaluzeko koroaren eta Zambra dantza taldearen eskutik.

Bollywood dantzei esker Indiara bidaiatu zen Sasoeta ikastetxea, Amaia Gonzalezen dantza emanaldia izan zen eta azkenik, ederki astindu zituzten gorputzak salsa kubatarraren doinura.
Hau guztiaz gain, arratsalde osoan zehar, TEBAL elkarteko lagunen haiman teaz gozatu ahal izan zen eta txikienei hennako tatuajeak egin  zitzaizkien.

Pablo Barrio alkatearen bisita ere izan zuten eguerdian. Herri bazkarian parte hartu eta tea hartu zuen guraso elkarteko kideekin.

Erritmoa
Baina ostirala arratsaldean ere izan ziren ekintzak, umeentzako, zein helduentzako tailer ugari izan ziren. Ederki gozatu zuten graffitiak egin, txaloak jo edo dantza orientaletako pausoak ikasten.

Oholtza gainean, Hip hop erreibindikatiboa izan zen Zalkav & Wis John bikotearen eskutik eta Jalguneko lagunek emanaldi berezia eskaini zuten. 

Gainera, Dinbi Banda batukadak dantza eta erritmoa ezarri zuen Sasoeta ikastetxeko patioan.