Kultur eskaintza oparoa maiatzan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 28a, 11:16
Lasarteoriatarrek aspertzeko tarte txikia izango dute maiatzan. Udalak hilabete honetako kultur agenda aurkeztu zuen pasa den asteazkenean, eta hilabetea egitasmoz lepo datorrela azpimarratu zuten ordezkari eta teknikariek. Ohiko helduen eta haurren zinemaz edota musika topaketez gain, bertso saio, jardunaldi eta erakusketa bereziak egongo dira. Alkate Jesus Maria Zaballosek nabarmendu du aurreko hilabeteetan bezain “harrera ona” espero dutela.

Udara ate joka ari dela, kultur denboraldia ekintzez lepo amaituko du Lasarte-Oriak. Asteazkenean aurkeztu zuten maiatzeko kultur agenda. Zinemaz, antzerkiaz edota musikaz gain, erakusketekin, hitzaldiekin edo dantzarekin ere gozatzeko aukera egongo da.

Zinema

Hileko lehenengo hiru igandetan haurrentzako eta helduentzako filmeak eskainiko dituzte.

Igandean “Iparraldeko Norman” eta “Brooklyn” ikusteko aukera egongo da. 17:00etan 3,80 eurotan lehena, eta 19:30etan eta 5,50 eurotan bigarrena. 8an, “El niño y la bestia” eta “Kiki, el amor se hace” eskainiko dituzte. 15ean, zineari denboraldia amaitzeko, “El libro de la selva”  3Dn eta “Julietta”. Azken hau 23an ere ikusi ahal izango da, Okendo zinema taldeak antolatutako zine forumean.

Trantsizioak

Argia aldizkariak, Ttakun kultur elkartearekin batera, “Trantsizioak” izeneko erakusketa antolatu du maiatzaren 9tik 14ra Antonio Mercero aretoan.

1970tik hasita, Euskal Herriko azken 45 urtetako historia aztertu ahal izango da argazkien bitartez. “Hurbilean izandako eraldaketa sozial eta politikoak” isladatuko dituzte publikatutako eta publikatu gabeko irudien bitartez.

Sufrimendua ulertuz

Danok Kide guraso elkarteak ‘Balioetan hezi’ jardunaldiak antolatu ditu. Baketik elkarteko Iker Usonek hiru egunetan emango dituen hitzaldiak sufrimendua izango dute ardatz.

9tik 11era iraungo duten jardunaldiak hiru zatitan banatu dituzte: sufrimendua ulertu, sufrimendua landu eta sufrimenduan sakondu.

Musika, dantza, antzerkia...

Musika topaketen maiatzeko saioan Euskadiko Orkesta Sinfonikoko irakasle Carlos Rosatek, Tomas Rutik eta Mario Telentik emanaldia eskainiko dute 6ean. Musika eta poesia errezitaldiak uztartuko dituzte arratsaldeko 19:30etatik aurrera.

Egun berean “El florido pensil” antzeztuko du Ttanttaka taldeak Manuel Lekuona kultur etxean. 90ko hamarkadan arrakasta handia izan zuen lanaren moldaketa ikusi ahal izango da. Izan ere, oraingoan emakumezkoen bertsioa eskainiko dute. Frankismo garaiko eskoletako jazarpena eta elizaren eragina isladatuko dituzte, besteak beste.

7an New Yorkeko Avery Fisher Hall-en egindako “La dolce vita” ikuskizunaren proiekzioa emango dute. Italiako gerraosteko pelikulen musika interpretatuko du New Yorkeko filarmonikak.

SuBerriren emanaldi bereziarekin gozatuko dute 21ean lasarteoriatarrek. Tutik Clowns taldearekin batera umorea eta musika uztartuko dituzte.

Hilabete bukaeran, Erketz dantza taldeak Dantzari eguna eta Dantzari txiki eguna antolatu ditu 28 eta 29an. Okendo plazan dantzatuko dute, baina eguraldiak lagunduko ez balu, kultur etxera mugituko lirateke.

“Berritsuketan bertsotan” izeneko saioa antolatu du  Ttakun Kultur Elkarteak maiatzaren 14an. Bertsoa eta bakarrizketak tartekatuko dituzte, eta Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Ane Labaka arituko dira.

Bestalde, Imanol Etxabe herritarrak idatzi berri duen ‘La mano del destino - Libertad’ liburua aurkeztuko du ostiraleko 19:30etan Manuel Lekuona kultur etxeko batzar aretoan.

Antonio Mercero gunean beste bi erakusketa eskainiko dituzte. 21etik aurrera energiaren astea dela eta, “Zubi-Gune”, Usurbilgo Lanbide eskolaren laguntzaz.  30ean hasita, aldiz, JM Mongeren ikasleek pintura lanak erakutsiko dituzte.