Kultur ekitaldiz josita dator azaroa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 27a, 11:00
Zinea, antzerkia, hitzaldiak, musika emanaldiak...azaroko eskaintza kulturalak hainbat osagai edukiko ditu. Atzo goizean eman zuten datorren hilabeteko ekitaldien berri Jesus Zaballos alkateak, Maite Iglesias Kultur zinegotziak eta Xabier Goitia kultur teknikariak.

Herritarrek kultur ekitaldi-sorta oparoaz gozatuko dute azaroan zehar. Udalak egitarau zabala prestatu du datorren hilabeterako. Berrikuntzen artean, azpimarragarria da 'Beldur-gaua' ospatuko dela azaroaren 19an, larunbatarekin, duela zenbait urteko ohitura berreskuratuz. Horrez gain, beste osagai asko ditu azaroko kultur agendak: zinea, antzerkia, hitzaldiak edota musika emanaldiak. "Uste dugu agenda oso indartsua prestatu dugula azarorako", zehaztu zuen Jesus Zaballos alkateak atzoko aurkezpen ekitaldian.

Maite Iglesias Kultur zinegotziak eta Xabier Goitia udal teknikariak eman zuten ekintza horien berri, txandaka. Zinea izan zuen hizpide Iglesiasek. Azaroaren 6an, igandearekin, bi emanaldi antolatu dituzte: haurrentzat, 'Mascotas' filma, 17:00etan. Helduentzat berriz, estreinatu berri den 'Inferno', Dan Brown idazlearen eleberrian oinarrituta, 19:30ean hasiko da proiekzio hori. Jarraitu aurretik, zenbait zehaztapen: emanaldiak Manuel Lekuona kultur etxean izango dira aipatutako ordutegietan, eta prezioak, hauek: 3,80 euro haurrentzat eta 5,50 helduentzat. Ondoren, 13an, 'El hogar de Miss Peregrine' eskainiko da haur eta helduentzat. 20an berriz, 'Zikoinak' haurrentzat eta 'El hombre perfecto' helduentzat. Eta, bukatzeko, sona handia hartzen ari den 'Un monstruo viene a verme' filmaren lau pase aurreikusi dituzte azaroaren 26 eta 27rako (haurrentzako bi eta helduentzako beste bi).

Genero horrekin jarraituz, 11n Zine Foruma egingo du Okendo Zinema Taldeak, 22:00etan, kultur etxean. 'Elle' filma proiektatuko dute, jatorrizko bertsioan, azpitituluekin. 5,50 euro balioko dute sarrerek. 

Beldur gaua hilaren 19an

Azaroko kultur agendako berrikuntza azpimarragarrienetako bat da hainbat urteren ostean beldurrezko gaua egingo dela berriro herrian, azaroaren 19an, larunbatarekin. Egun horretan hiru film proiektatuko dituzte: 'Nunca apagues la luz', 'Ouija el origen del mal' eta 'No respires'. 22:00etan hasiko da saioa, eta 12 euro balio ditu sarrerak.

Emanaldi musikal deigarriak

Musikaren alorrean ere edukiko dute zer ikusi herritarrek. Azaroaren 12an Lasarte-Oriako XIII. Akordeoi Jaialdia ospatuko da, Manuel Lekuona kultur etxean. 19:00etan hasiko da emanaldia. Helduek 3 euro ordaindu beharko dituzte; 16 urtez azpikoentzat berriz, doakoa izango da sarrera. Maila handiko artistak ariko dira bertan: munduko akordeoi-jole onenetakoa den Julien Gonzalez frantziarra, Susana Cencillo eta Javi Perezek osatutako akordeoi-tronpeta bikotea eta Clak'Tet&Cie taldea. Zero Sette herriko taldeak aurten ez du joko, "protagonismoa kanpotik datozen artistei emateko", Goitiak azaldu legez.

Horrez gain, aipatu beharrekoa da datorren asteko ostiralean hasiko dela Danok Kidek antolatutako musika topaketak. 'Sotto Voce' taldea ariko da Brigitarren komentuan, 19:30etik aurrera.

Hitzaldi, erakusketa eta antzerkiak

Azaroko agendan hitzaldi-sorta ederra sartu du Udalak. Horietako batzuk Topaketen Astearen baitakoak izango dira. Azaroaren 9an migratzaile eta errefuxiatuei buruzko hitzaldi bat emango du Migrazio Idazkaritzako zuzendariak, kultur etxeko hitzaldi aretoan, 19:00etatik aurrera. 11n berriz, hitzaldi-zinema saioa antolatu dute, Amparo Climenten 'Las lagrimas de Africa' pelikularen bueltan. 19:00etan izango da hori ere, hitzaldi aretoan. Bestalde, azaroaren 2tik 15era bitarteko erakusketa bat prestatu dute: 'Somos migrantes'. Antonio Mercero gunera joan ahalko dute herritarrek hori ikustera, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 19:00etara bitartean.

Hitzaldiekin jarraituz, Felix Garitano parrokoak 'Creo en dios...soy ateo' solasaldia eskainiko du hitzaldi aretoan, azaroaren 16an, 19:30ean. 24an Arsenio Lorenzo fundazioaren txanda izango da: 'Memoria Viva' hitzaldia eskainiko dute, 19:00etan, aurrekoaren toki berean. Bestalde, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailarekin eta Emakumeen Zentroarekin elkarlanean antolatutako emakumeen kontrako indarkeriaren astearen baitan bi solasaldi daude aurreikusita: Irantzu Valera ariko da 22an 19:00etan, eta Iratxe Alvarez 29an, 18:00etan. Hitzaldi aretoan izango dira biak. Eta alor horrekin bukatzeko, aipatu Baketik Fundazioak 28an eskainiko duena, pelikula proiekzio batekin batera, hitzaldi aretoan baita ere, 19:00etan: 'Mujeres y procesos de paz: Euskadi y Guatemala'.

Bi antzerki-emanaldiz ere gozatu ahalko da azaroan. Horietako bat helduentzat izango da, gazteleraz, 18an, 5,50 euroren truke: 'El tipo de la tumba de al lado' du izena. "Askok eskatu digute ezaugarri horiek dituzten emanaldiak antolatzeko, eta behar horri erantzun nahi izan diogu", zehaztu zuen Goitiak. Bigarren emanaldia haurrei zuzendutakoa izango da: Txipli Txapla konpainiak 'Tomaxen Abenturak' izeneko lana oholtzaratuko du 19an, 17:00etan. Sarrerek 3,80 euro balio dute. Bi emanaldiak kultur etxeko auditorioan egingo dituzte.

Beldur Barik eta literatur lehiaketa

Kultur agenda oparo horrekin bukatzeko, bi hitzordu gehiago nabarmendu behar dira. Batetik, 23an, Beldur Barik lehiaketako sari-banaketa egingo dute, hitzaldi aretoan, 19:00etan. Bestetik, herriko literatur lehiaketetako sariak banatuko dituzte 26an, hitzaldi aretoan baita ere, 12:00etan.