Kukukaren desfile koloretsua

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 23a, 15:35
Herriko dantza eta antzerki eskolak desfile alaiarekin hasiera eman dio antzerki eta dantza asteari. Eguraldi goibelari aurre eginez, desfilean atera dira kultur etxetik eskolako ikasle eta irakasleak euren dantzak erakutsiz. Okendon aurreikusitako erakustaldi laburra, Trinketean egin dute azkenean.

Eguraldiari begira esnatu dira gaur Kukukako kideak, euripean pixkanaka elkartzen joan dira ikasleak Manuel Lekuonan. Irakasleek ohiko desfilea egin beharrean, Trinketera zuzenean joatea erabaki dute hasieran. Hala ere, kolore alaiek uxatuta edo, aterrunea izan da eta azkenean, desfilea erdigunetik egin eta Trinketerako bidea luzatu dute prestatuta zituzten dantzak erakutsiz.

Trinketera iristean, talde guztiek minutuko erakustalditxoa eskaini dute ikasturte honetan ikasitako guztia jende aurrean aurkezteko.

Ohi bezala, Kukukaren desfileak kolorea eman dio herriko kaleei. Ikasleek eskolako kamiseta berdeak jantzita atera dira.

Astelehenetik aurrera

Astelehenean bertan izango dira Antzerki eta Dantza asteko lehenengo emanaldiak. “Edurnezuri eta 7 ipotxak” antzezlana eskainiko dute DBH 1eko ikasleek. Goizean, 11:00etan euren irakasle eta ikaskideen aurrean egingo dute saioa eta arratsaldean 19:00etan eskainiko dute berriz guraso eta lagunen aurrean. 

DBH 2ko dantza garaikideko ikasleek ere goizeko saioan, antzerkiaren ostean erakutsiko dute ikasturtean ikasitakoa. Gurasoek ekainaren 14ean izango dute aukera hau ikusteko. Dantzari eskainitako egunean hain zuzen.

Asteazkenean bi antzezlan izango dira Manuel Lekuonan. 11:30ean eta 19:00etan egingo dituzte saioak. Kasu honetan, LH5eko ikasleek “Artisten Herria” eta “Gu ere aritistak gara” emanaldiak eskainiko dituzte.

Ostegunean, 11:00etako saioan DBH3koen “Aupa Etxebeste” antzerkiaz gozatuko dute ikaskideek eta jarraian DBH 3 eta 4ko ikasleen dantza garaikide taldea eta DBH 2 eta 3ko euskal dantza sorkuntzakoa.  19:00etan saio irekia egingo dute antzerkiko ikasleek. 

Maiatzaren 30ean 20:00etan helduen taldeko “Auzoa” antzezlana izango da. Ekainaren 8an jarraituko du egitarauak beste hainbat saiorekin.

Desfilearen argazki bilduma.