Korrika txikiak zeharkatu du herria

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 31a, 15:34
Lehenengo aldiz Joakina eneako haur txikiek Korrikarekin bat egiten dute eta lasterketatxoa egin dute. Jarraian, Zumaburutik abiatu dira Sasoeta-Zumaburuko ikasleak herrian zehar prestatutako ibilbidea eginez. Aurten, institutuko ikasleak ere batu dira.

Korrika txikiak ohi bezala festa giroa zabaldu du herrian zehar. Lehenengoak lekukoa hartzen Andre Joakinaeneako txikiak izan dira. Korrikarekin bat egin nahi izan dute eta BMko estalpean lasterketatxoa egin dute hezitzaileen laguntzarekin.

Ondoren bai, Korrikaren lekukoa Zumaburura eraman da. Handik abiatu da edizio honetan ere herriko Korrika txikia. Lehenengo metroak egiteko ardura Sasoeta-Zumaburuko ikasle eta irakasleena izan da. Beroketa saioa egin ostean, guraso eta herritarren txalo artean hasi dute lasterketa. Aurten Institutuko ikasleak gehitu dira eta ohi baino ibilbide luzeagoa egin du Korrika Txikiak.

Horrela izanda, Instituturaino igo da Korrika Txikia eta handik Goiegitik, Garaikoetxeako txikiei lekukoa pasa eta berriz ere erdigunetik ikusi ahal izan da Korrika.

Jai giroa izan da nagusi, txiki eta gaztetxoek urduri egon dira lekukoaren zain zegokien puntuan, urduritasun hori baztertzeko, batzuek Korrikaren kanta ozen abestu dute. Ibilbidea osatuta, Andatza plazan bukatu dute. Euriak ordea zapuztu du festa. Koreografien dantza egiteko prestatuta zeuden AEK-ko kideak eta gaztetxoak baina euri zaparrada mardulak eten egin du ekintza.

Hala ere hasiera besterik ez da. Gaur iluntzean Euskararen Maratoiaren bideoa eta ‘Gutik Zura’ filma ikusi ahal izango dira. Bihar, egun osoko ekintza egitarau berezia prestatuta dago ere asteartera bitartean Euskararen aldeko festak herrian oihartzuna izan dezan.

Korrika Txikiko Argazki bilduma eta bideoa hemen ikusgai.