Kontzertu bufoa, asteburuko ospakizunen aurrekari

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 5a, 11:54
None
Mota guztietako mozorro koloretsuak soinean, kontzertu bufoa eskaini zuten atzo arratsaldean Udal Musika Eskolako ikasleek, kultur etxean. Emanaldiarekin gogotik gozatu zuten guraso eta lagunek.

Musika, dantza eta instrumentuekin egin zieten ongietorria aurtengo Inauteriei Udal Musika Eskolako ikasleek. Asteburuko ospakizunen aurrekari gisara, kontzertu bufoa eskaini zuten kultur etxean, hainbat guraso eta lagunen aurrean.

Gaztetxoenak izan ziren oholtzara irteten lehenak, mozorro koloretsuak soinean. Hilabeteotan landutakoa taularatu zuten, abestu eta dantzatuz: 'Honek ta honek', 'Do, Re, Mi', 'Ujuka' eta 'Batuko gaitu hauspoak', hain zuzen. Josu Izagirre irakaslearen laguntzarekin, gustura aritu ziren neska-mutil guztiak.

Flauta, biolina, pianoa...

Hasierako koreografia horren ostean, hainbat ikaslek euren abilezia erakutsi zuten, hainbat instrumenturekin: flauta, biolina, pianoa, gitarra elektrikoa, etab.

Zabala izan zen egitaraua: 'Frere Jacques' klasikoa, 'Over the rainbow', 'Lantzeko Ihauteria'... Eta baita pieza modernoagoak ere: David Guettaren 'Titanium', esaterako.

Emanaldira bertaratutako ikusleek txalo zaparrada luzeekin eskertu zuten ikasle guztien ahalegina.