Kongresuan egin den lana azalduz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 22a, 18:45
Podemos-Ahal du alderdiko zinegotziak kalera aterako dira aste honetan taldeak kongresuan egin duen lana azaltzeko. Lasarte-Oriako kideak ostegunean izan ziren Kale Nagusian eta hainbat herritar hurbildu zen haiekin hitz egitera. Ekintza honetaz gain, 'Codigo Rojo' liburuaren aurkezpena ere antolatu dute asteazkenean.

Kongresua zure plazan ekimena du abian Podemos-Ahal du hautesle taldeak. Hori dela eta, lehengo ostegunean, Kale Nagusian  Ama Brigitarren komentu parean izan ziren Lasarte-Oriak Ahal du hautesle taldeko kideak. 

Bertan Arkaitz Naya, David Ares eta Alicia Garcia udal zinegotziek amaitu berri den lau hilabeteko legealdian haien alderdiak Estatuko kongresuan egin duen lana azaldu zieten hurbiltzen ziren herritarrei. 

Era berean, ekintza honetarako bereziki prestatu duten egunkari bat banatu zieten eta erkidegoko, Gipuzkoako edo udal kontuez ere mintzo ziren.

Zinegotziekin batera, alderdiko beste kide batzuk ere izan ziren, hala nola,  Monica Mora Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea egon zen.

Liburu aurkezpena

Bestalde, asteazken honetan, maiatzaren 25ean, 19:30etik aurrera, hautesle taldeak 'Codigo Rojo' liburuaren aurkezpena antolatu du Villa Mirentxuko hitzaldi aretoan. 
Bertan liburuaren idazlea, Luis Gonzalo Segura armadako teniente-ohia izango da. Luis Gonzalok liburuaren nondik norakoak azalduko ditu. Izan ere, armadari buruzko bigarren liburu hau idazteagatik zerbitzutik kanporatua izan baita.

'Un paso al frente' liburua idazteagatik ere arazoak izan zituen. Epaiketarik gabe, 5 hilabete egin zituen preso eta bertan 22 eguneko gose greba egin zuen. Medikuek gomendatuta bertan behera utzi behar izan zuen.

Besteak beste, armada barruan dagoen ustelkeriari, jauntxokeriari edo sexu-abusuei buruz hitz egiten du liburu horretan. 

Arkaitz Naya Lasarte-Oriak Ahal duko zinegotziak aurkeztuko du ekitaldia.