Kataluniako Torredembarra herrira irteera

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 26a, 22:00
Duela hamabi urte sortu zen harremana Tarragonako Torredembarra herriko koadrila independentista batekin. Pixkanaka, urteen poderioz zabaldu egin dira hango eta hemengo sareak, harreman pertsonalek eta prozesu subiranistak indartuta. Orain herritar guztiei zabaldu nahi diete Torredembarra joan eta hango jendea ezagutzeko aukera. Autobus bat antolatu dute, eta hamaika kirol eta kultur ekintza ere bai, bertan egiteko.

Topaketa hauen muina maiatzaren 30 eguerdian egingo den zikiro jana izango da.

Egun horretan bertan, goizean esaterako, Oriako Sorgin Dantza eta herri-kirolak antolatu dituzte, bi herrien artean lokotxak, sokatira, txinga eta korrika egiteko.

Arratsaldean aldiz, musika izango da protagonista. Txalapartariak eta rock bertsioen emanaldiak prestatu dituzte eta 'Euskal Rock Erradikaleko' taldeen bertsioak joko dituzte zuzenean hainbat lasarteoriatarrek. “Guk hemendik hara eramandakoaz gain, haiek ere euren kulturako ekintzak prestatu dituzte, castellers-ak esaterako. Egitarau polita antolatu dugu”, adierazi dute topaketaren antolatzaileek.

Kataluniara bidaia

Herritarren arteko “elkartze eder bat” izan dadin, Torredembarrara joateko autobusa bete egin nahi dute antola-tzaileek, oraingoz euren artean 20 laguneko taldea osatu dute. Antolatzaileen helburua 50eraino iristea da, “ahalik eta topaketa zabalena izan dadin”. Horregatik animatzen dituzte herritarrak kultura-transmisio ekintza honetan parte-hartzera.

Izen-ematea

Zikiro janak 20 euroko prezioa izango du, eta joan-etorriko autobusak berriz, 40 eurokoa.

Halaber, lo egiteko bertako eskola bat utziko dietela jakinarazi dute. Dena den, eskolan lo egin nahi ez duenarentzat, hondartza ondoko apartamentu batean bi gauez lo egiteko aukera ere jarri dute, 24 euroan.

Torredembarrara hiru egunetarako joan nahi duten norbanako edo koadrilek, Ilargi eta Artizar tabernetan jarri duten zerrendetan eman dezakete izena.

Irteera maiatzaren 29ko arratsaldean izango litzateke, 30ean topaketaren egun handia eta Kataluniatik herrira buelta, hilaren 31n egiteko asmoa dute, arratsalderako.

Sor daitekeen edozein zalantzaren aurrean, eurengana beldurrik gabe jotzeko eskatu dute Mikel Eskisabel, Juanjo Erauskin eta Fleki ekimenaren bultzatzaileek.

Internetez harremanetan jartzeko bestalde, lot.topaketa@gmail.com helbidea ere jarri dute martxan.