Kaput: hitzik behar ez denean barre egiteko

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 11a, 20:03
Gaztetxoek barre-algara ederrak egin dituzte 'Kaput' haur antzerkian zehar. Bi protagonista zoroen gorabeherekin ederki gozatu dute ikusleek. Hitzik ez da entzun emanaldian zehar, baina bai barreak. Etengabe. Ordubetez.

Larunbat arratsalde baterako planak hamaika izan daitezke. Herriko hainbat gaztetxok eta euren senide zein lagunek 'Kaput' antzerkia ikustearen aldeko hautua egin dute. Eta, kultur etxeko auditorioan ordubetez entzun ahal izan denez, ez da izan aukera txarra: ikusleen barre-algarak etengabeak izan dira. Ederki gozatu dute emanaldiko bi protagonista zoroen gorabeherekin.

Durango&Cia konpainiak taularatu du Kaput. Komediaren bitartez lantzen du gerren drama eta horrek dakartzan albo-kalteak erakusten ditu antzezlanak, beti ere baikortasunetik behatuta eta ikusleei barre eragite aldera.