Kaporalentzako hizkuntza eskakizuna onartu dute

martin-vicioso 2017ko mar. 15a, 18:00
Sortuko diren 'udaltzain kaporal-agente lehen' lanpostuetan izena eman ahal izateko hirugarren mailako euskara maila eskatuko dute. EH Bilduk, Lasarte-Oriak Ahal Du-k eta EAJ-k onartu zuten astearteko ohiko Udalbatzarrean

Udaltzaingoan aterako diren lanpostu berrietako hizkuntza eskakizunak onartu zituzten astearteko ohiko Udalbatzan. EH Bilduren, LOAD-ren eta EAJ-ren bederatzi bozkak nahikoak izan ziren proposamena aurrera atera ahal izateko. Aurka PSE-EEren sei ordezkarik bozkatu zuten. Alkate Jesus Zaballos eta PP-ko ordezkari Alejandro Saenz ez ziren batzarrera azaldu. Hortaz, alkateorde Lourdes Acevedok zuzendu zuen Udalabatzarra.

Zinegotzi aldaketa
Sozioekonomia batzordeko buru Beatrzi Juezek kargua utzi eta Nuria Fernandezek hartu zuen testigua aurreko Udalbatzan. Hori dela eta, batzorde ezberdinetan eman beharreko ordezkari aldaketak onartu zituzten aho batez ordezkaritza duten taldeek. Bestalde, "Udal mailako lankidetza hitzarmena toki garapenaren sustapen ekonomikoaren eta enpleguaren alorrean" Andoaingo Udalarengan eskuordetzea onetsi zuten PSE-EEk, EH Bilduk eta EAJ-k. Lasarte-Oriak Ahal Du, berriz, abstenitu egin zen. Beterriko Garapen Agentziak  beharko dituen eskumenak eskuratzearekin lotutako delegazioa da.

Iradokizunetarako APP-a
EAJ-k aurkeztuta, Udalari kexak eta iradokizunak aurkeztu ahal izateko APP bat garatzea onetsi zuten bertaratutako talde guztiek aho batez. Lasarte-Oriak Ahal Du-ko bozeramaile Arkaitz Nayak azaldu zuen proposamenaren alde zegoela, baina "partehartzea sustatzea helburu" duten beste mozioetan EAJ-k edukitako jarrera gaitzetsi zuen. "Esaterako, erraustegiari buruzko galdeketak proposatzen direnean". EAJ-ko Jon Antxordokik erantzun zion "Udal mailako iradokizunak egitea duela helburu" mozioak. Estitxu Alkortak, bere aldetik, "parte hartzea bultzatu nahi duten proposamen zehatzen alde" agertu direla azpimarratu zuen.

Baratza ekologikoak
Lasarte-Oriak Ahal Du-ren proposamenez, Lasarte-Orian baratze ekologikoak sortzearen aldeko mozioa onartu zuten aho batez. "Nekazaritza ekologikoa sustatzea eta leku degradatuak errekuperatzea" du helburu, besteak beste.

Hala, Udal Gobernuari eskatu diote erabili daitezkeen lursailak identifikatzeko, erregulazioa garatzeko eta Gipuzkoako "baratze-parkearen" barnean txertatzeko.
Mozioarekin ados dagoela adierazi zuen EAJ-ko Antxordokik, baina bere "zalantzak" mahaigaineratu zituen. Lasarte-Orian baratze horiek aurrera eraman ahal izateko lursailak dauden galdetu zuen. Ahal Dugu-ko bozeramaileak erantzun zion adituen "iritzi postiboa" jaso dutela.

Galdera eta erreguak
Udalbatzarrari amaitzeko talde politikoek eta bertaratutako herritar batzuek euren kezkak eta galderak azaldu zituzten. EH Bilduko Pablo Barriok Zabaleta Berriko etxebizitzen egoeraren inguruan galdetu zuen eta Axier Lopezi eta Argia astekariari isuna kendu izanari buruzko "gogoeta" egin duten galdetu zien "elkartasuna adierazi ez zioten" taldeei.
Udaleko webgune berrituaren egoeraren inguruko informazioa eskatu zuen Ahal Duguk.

EAJ-k, bere aldetik, azken astetako lapurretei buruzko kezka agertu zuen, eta Udal Gobernuari galdetu zioten ea Ertzaintzarekin segurtasun neurriak koordinatu dituzten. Udalbatzarrak streaming bidez emateko prozesua nola dagoen ere jakin izan nahi zuten.

Herritar batek, halaber, Udaltzain kaporalei "ezarritako hizkuntza eskakizunarekin" desadostasuna agertu zuen, eta alde agertutako taldeei galdera bana luzatu zien. Kontenedore organikoen egoerari eta markesina ezari buruzko galderak ere egin zituzten bertaratutako herritar batzuek