Jalgunek Txikikluba sortuko du, 6tik 12 urtera bitarteko haurrak ere hartzeko

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 29a, 14:43
Udalak 2018. urtetik aurrera laguntza handituko du, eta hiru urtean 137.748 euro jasoko ditu elkarteak

Jalgune elkarteak rol garrantzitsua betetzen du Lasarte-Orian, aisiako ekitaldiak eskaintzen ditu-eta aniztasun funtzionala duten pertsonei. Urte bukaeran antolatzen duen jaialdiaren arrakastak erakusten du behar-beharrezko zeregina betetzen duela elkarteak. Bada, 2018. urtetik aurrera hazi egingo da elkartea; 6tik 12 urtera bitarteko haurrak ere hartuko ditu, Txikiklub atala sortuta. Udalaren laguntza izango du horretarako, diru laguntzak handituko baitizkio. 2017an 36.000 euro inguru jaso zituen, baina 2018. eta 2019. urteetan 50.850 euro inguruko laguntza izango du.

Jesus Zaballos alkateak Jalguneren lana goraipatu du, eta oroitarazi du herrian estimutan dituztela elkarteko kideak eta begiraleak. “Lan bikaina betetzen dute. Askotan pentsatzen dugu inklusioa soilik irisgarritasuna dela, herriko kaleak eta plazak denontzako egokitzea, baina askoz ere gehiago da. Asia eskaintzea ere bada, adibidez”.

Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, gurasoen eskakizun bati ari dira erantzuten. “Beste herrietara eramaten zituzten haurrak”.

Jalgunek bilera bat antolatuko du gurasoekin Txikikluba martxan jartzeko. Gabonetako oporraldia igarota hamabost eguneko epean zabalduko da klubean izena emateko aukera.