Jaietan Blai! Festak antolatzeko prozesua martxan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 27a, 11:39
Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria eta Festak sailak martxan jarri du Jaietan Blai! 2015. urteko prozesua. Aurtengoan, San Pedro Jaiak ekainaren 26, 27, 28 eta 29an ospatuko dira eta datozen egunetan herritarrek euren ekarpenak egiteko eskuorriak jasoko dituzte etxean.

Datozen San Pedro festak antolatzeko prozesua hasi dela iragarri du udalak. Lehenik eta behin herritarrei haien ekarpen eta proposamenak egiteko etxe guztietara proposamenak egiteko, eskuorria banatuko da egun hauetan.

Bertan, herritarrek festetarako izan ditzaketen proposamenak idatzi ahalko dituzte, eta edozein udal eraikinetan kokatuta dauden parte hartze postontzietan utzi. Proposamenak egiteko epea otsailaren 15era bitarte izango da.

Eskuorriaz gain, udalaren sare sozialen bidez ere proposamenak helarazteko aukera dagoela azpimarratu dute. Horretarako, Facebook orriko horma edota #SPJ15 traola (Twitter) erabili ahalko dira. Nahi izanez gero  udala@lasarte-oria.org helbide elektronikora ere bidal daitezke ekarpenak.

Proposamen guztiak jasota, otsailaren amaieran Festetako Mahaiaren lehenengo bilera egingo dela aurreratu dute udaletik. "Bilera hau irekia izango da, nahi duen orok parte hartu dezan, baina batik bat festetan ekintzak antolatzen dituzten elkarteetako ordezkariei zuzenduko zaie". Bertan, proposamenak kudeatuko dira eta elkarteek zein ekintza burutuko dituzten zehaztuko da programa osatzen hasteko. Udaletik herritarrak animatu nahi dituzte prozesu honetan parte hartzeko.