Jaiak hartu du plaza

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 17a, 17:27
Euskal Jaia eta Topa Eguneko egitarauak aurrera darrai. Goiza giro ezin hobean igarota, arratsaldea ere hala izango da. Goizean Topa egunaren baitan, Euskara elkarte ezberdinetan burutzen diren hainbat egitasmoa ezagutzeko aukera izan da. Euskal Jaian berriz, Isla plazatik abiatu da kantu-dantza jira txikia eta heldu zein helduen herriko kaleetan barrena ederki pasa dute kantuan zein dantzan. Hauek Okendora iristearekin batera hasi da festa.

Truke Gunea eta dantza kantu jira izan dira goizeko lehen hitzorduak. Aurretik herriko txistulariek diana jo dute herria esnatzeko.

Horrela izanda, Villa Mirentxun hamaiketan hasi da esperientzia trukerako saioa. Bertan jardun dira hainbat elkarte aurrera daramatzaten zenbait egitasmo azaltzen. Lehenengoak hitza hartzen Getxoko Egizu elkartekoak izan dira. Mintzakuadrillak egitasmoaz hitz egin dute eta honek izan duen harreraz. 18-24 urte bitarteko lagun kuadrillei zuzendutako ekimena da hau eta ostiraletan gutxienez ordu betez euren txoko edo lokaletan euskaraz hitz egitea bilatzen du. “Kuadrilla askotan lotsa dela eta ez da euskaraz hitz egiten, euren dinamika eta harremanak gazteleraz egin dira eta guk bilatzen dugu ohitura aldaketa hori gertatzea poliki bada ere”.

Jarraian, Mungiako Txokolo elkartetik Berba proba lehiaketaz hitz egin dute. 11 urte dira lehiaketa hau herrian gauzatzen dutela eta hizkuntzarekin jolastea du helburu. Orain material didaktikoa lantzen ari dira proba guztiekin euskaltegietan erabilgarri izan dadin besteak beste.

Gasteizko Geu elkartekoek ‘igandeak jai’ aurkeztu dute. Familian euskaraz hitz egiteko hilabetean behin eta eskola batean bi orduko saioak antolatzen dituzte euskarazko ikuskizun eta haurrentzako jokoekin. Laugarren esperientzia Oinherri taldearen herri hezitzaileen sarea izan da eta azkena, Bergarako Jardun elkarteak egindako herriko euskalgintzari buruzko gogoeta prozesua.

Okerra ezin menderatu

Bitartean, herriko kaleetan barrena ederki gozatu dute haur zein helduek dantzan eta kantuan Xumelako lagunekin. Denak Okendora iritsita, festak eztanda egin du. Hiru atso saltseroek azken dantzak gidatu dituzte eta jarraian Okerra harria berriz plazan ikusteko aukera izan da. Aurreko urtetako Joseba Ostolaza harri-jasotzailea etorri da erakustalditxoa egitera Aimar Galarragarekin. Biek beroketa saio batzuk egin dituzte 163kg-ko karratua hiru aldiz altxatuta. Ondoren, Udane Ostolaza gazteak erakutsi du 20kg-arekin ederki moldatzen dela aitak, 100 kg-koa altxatu bitartean.

Saiotxo honen ostean, Okerraren txanda izan da. Aimar Galarraga hasi da. Nahikoa lan izan du harria nola eutsi asmatzen baina 5 minututan, 4 altxaldi egin dizkio herriko harri kuttunari. Josebak hartu dio lekukoa. Honek lehenengo urtean 7 altxaldi egin zizkion, iaz 6 eta aurtengoan soilik 2 rekin konformatu behar izan du. Asko sufrituta hainbat saiakera eginda ere, ezin izan du Lasarte-Oriako harria menderatu.

Plazan bildutako zaleen gozamenerako harri borobilarekin aritu dira hiru harri jasotzaileak. Euren lana txalo zaparradarekin eskertu dute herritarrek.

Okerrarekin amaituta, Topa egiteko txanda izan da, Xumelaren doinuekin sagardoarekin eztarria busti eta bazkarirako prestatu dira bertaratutako herritar zein bisitariak.

Argazkiak eta bideoak hemen.